Itzuli

Geroa Baik bere poza agertu du Europako kontseiluaren txostenak Barkosen gobernuaren hizkuntza politika modu oso positiboan baloratu ondoren

Txostenak erabat gezurtatzen du pasa den legegintzaldian oposizioak behin eta berriro errepikaturiko inposizioaren kontakizun faltsu eta interesatua

    Geroa Baik nabarmendu duenez Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Eskualdetako edo Gutxitutako Hizkuntzen Europako Itunaren betetzeari buruzko 5. txostenak “oso modu positiboan baloratzen ditu Nafarroan euskararen alde pasa den legegintzaldian Uxue Barkosen Gobernuarekin erregistratutako aurrerapausoak”.

    Geroa Baik txosten honen garrantzia azpimarratu du “pasa den legegintzaldian Barkos buru zuen kabinetea desgastatu eta erasotzeko oposizioko taldeek eraikitako kontakizun faltsu eta interesatua erabat gezurtatzeko”.

    “Zehazki, hizkuntza politikan 2016an eman zen aldaketa positiboa azpimarratzen du txostenak, euskararen sustapenerako baliabide publiko gehiago erabili izana baloratzen du eta eskualde ez euskalduneko hezkuntza zentroetan euskaraz irakastea, D ereduan alegia, ahalbidetzeko Euskararen Foru Legea aldatu izana nabarmentzen du”, azpimarratu du Geroa Baik. “Adituen Batzordeak gainera euskararen erabileran aurrerapena egon dela ziurtatzen du, zerbitzu publikoen ematean ere”, adierazi du.

    Halaber, Europako Kontseiluaren txostenak “modu positiboan baloratzen du 103/2017 Foru Dekretuaren onarpena, Administraritza Publikoetan euskararen erabilera arautzen duena alegia”. Hala ere, modu negatiboan azpimarratzen ditu bi elementu, atzerriko hizkuntzen ezagutza euskaren ezagutza baino neurri handiagoan baloratzea eta Osasunbidean euskararen ezagutza baldintza moduan duten plazen urritasuna”.

    Koalizioaren arabera, “txostenak ETBren hartzea ahalbidetzeko egindako lana aitortu eta baloratzen du ere, bai eta Euskalerria Irratia bezalako euskarazko emisora bati irrati lizentzia eman izana ere”. “Era berean, dokumentazio elebiduneko formatuak ezarri izana babesten du, bai eta seinale eta errotulazioetan euskaren erabilera ere”, ziurtatu du.

    Geroa Baik nabarmendu duenez “txosten honek aurreko garaietan, UPNren gobernupean, egindako txostenekin kontrastatzen du, eta euskara arloan ziklo aldaketa garrantzitsua egon dela frogatzen du”. Koalizioak gogorarazi duenez “Barkosen Gobernua iritsi arte, alor honetan urritasun larriak zeudela ohartarazten zuten txosten ugari jaso zituen Nafarroak, UPNren hizkuntza politikarentzako zigor serioa zirelarik”.

    Horregatik, Geroa Baik egungo Nafarroako Gobernua animatzen du “pasa den legegintzaldian ekin zitzaion ildoari jarrai diezaion eta programa akordioak jasotzen duen moduan, txosten honek egiten dituen gomendio eta oharrak aintzat har ditzan”. Ildo honi helduz, Geroa Bairen parlamentu taldeak parlamentu agerraldia egiteko eskaera erregistratuko du Ana Ollo Herritarrekiko Harremanen Kontseilariari zuzendurik.

    Azkenik, koalizioak ziurtatu duenez “txosten honen ondorioek, gure gizarteak zatitzeko euskara konfrontazio arma moduan erabiltzen duten diskurtso interesatuak gainditzen lagundu behar dute, eta horrela, euskara benetan zer den ulertu, bizikidetzarako eta etorkizunera loturiko hizkuntza bat alegia”.

    Izena eman gure buletina jasotzeko