Itzuli

Geroa Baik bere poza agertzen du Nafarroak eskumen historiko bat berreskuratzea ahalbidetzen duen transferentzien batzarraren akordioaren aurrean

Pablo Azcona bozeramaileak azpimarratu duenez modu honetan trafiko eskumena berreskuratzen da eta Uxue Barkosek hasitako prozedimenduari esker izan da

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Pablo Azcona Geroa Baiko bozeramaileak gaur Madrilen egindako Transferentzien Batzarraren batzorde mistoaren bileraren ondoren, bere poza agertu du bileraren baitan lortutako akordioaren aurrean. Azconaren arabera, “Trafiko eskumena Foruzaingoari eskualdatzeko behin betiko pausoa da, Nafarroak inoiz galdu behar ez lukeen eskumena”. “Hemendik aurrera Geroa Baitik eskatzen duguna zera da, prozesu guztiak bizkortzea eta akordioan ezarritako epe guztiak betetzea”, azpimarratu du.

    Azconak azpimarratu duenez, “gaur egun garrantzitsua da, transferentzia historiko bat berreskuratzen dugulako, Nafarroak hirurogeiko hamarkadara arte jardun zuena eta Franco diktadoreak kendu ziguna”. “Modu honetan Nafarroak Trafikoaren eskumena berreskuratzen du, 2018ko urriaren 31an Sánchez Presidenteak orduan Lehendakari zen Uxue Barkosekin hartutako konpromisoarekin hasi zen prozedimenduari esker”, gogorarazi du.

    Halaber, Geroa Baiko bozeramaileak balioetsi duenez, “lortutako akordioak Foru Parlamentuaren gehiengo handiaren babesa du, eta hortaz, nafar gizartearen gehiengo handiarena ere”. Hala ere, “gure Autogobernua defendatzen dutela dioten alderdiak egon arren, transferentzia honen lorpena torpedeatzen saiatu dira”, deitoratu du.

    “Edozein kasutan, batzuek prozesu honi jarri nahi izan dizkioten oztopoez gain, Foruzaingoa polizia integrala izate aldera pauso bat gehiago da gaur lortutako akordioa eta honi esker Trafikoaren eskumena esklusiban jardun ahal izango du”, ziurtatu du Geroa Bairen eledunak.

    Azkenik, Azconak adierazi duenez, “Geroa Bairentzako funtsezkoa da gure Autogobernuan sakontzen jarraitzea eta Amejoramenduan jasota dauden burutu gabeko transferentziak gauzatzea, hori bera baitzen, gainera, programa akordioan hartu genuen konpromisoa”. “Burutu gabe dauden eskumenen berreskurapena, Nafarroaren autogobernuan sakontzea, Geroa Bairen DNAn eta geure ibilbide-orrian dago”, amaitu du esanez. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko