Geroa Baik "bidegabekeria nabarmena" deritzo gaur Altsasuko gazteentzako ezarri den espetxealdi iraunkorra

Geroa Bairen aburuz gaur Auzitegi Nazionalak Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Iñaki Abad Altsasuko gazteentzako ezarri duen espetxealdi iraunkorra “bidegabekeria nabarmena da eta kasu hau inguratzen ari duen eldarniozko neurrigabetasunean beste pauso bat”.
Unai Hualde Altasuko alkate ohia eta Geroa Baiko Foru Parlamentariaren iritziz “inoiz baino beharrezkoagoa da ikusten ari dugun salbuespen egoera judiziala eta poliziala behar den toki guztietan salatzen jarraitzea” eta “gertatzen ari denak Europan eta nazioarteko mailan oihartzuna edukitzeko ahal diren bide guztiak ikertzen jarraitzearen alde” egin du.
“Hau ez da justizia. Hau, bere burua aintzat duen Zuzenbidezko Estatu demokratiko batean inpropioa den gehiegikeria bat da. Familiak, lagunak eta Altsasuko herri guztia babesten jarraituko dugu justizia eskatzea beste helbururik ez duen eta etsiko ez diogun bidean”, amaitu du.