Itzuli

Geroa Baik dio Rajoys “diplomazian eta elkarrizketan huts egin duela, bakar bakarrik geratuz”

Koldo Martínez Koldo Martínez

Koldo Martínez Geroa Baiko bozeramaileak ziurtatu duenez Katalunian igandean bizitako “Rajoyren porrotaren froga da, Kataluniako gizartearekin diplomazian eta elkarrizketan huts egin du, eta autoritate eta tinkotasun irudia eman nahi bazuen, huts egin du ere, ikusi genuenak ez baitu autoritate eta tinkotasunarekin ezer ikustekorik”.

Koldo Martínezen arabera, Gobernu zentraleko presidentea “bakar bakarrik geratu da, gai honetan egin duen guztia bere alderdiari bakarrik zuzendua izan baita Espainia eta Kataluniari zuzendua baino”. “Gaur mundua ikaraturik dago Rajoy jaunaren Gobernuak egindako jardunarekin”, adierazi du komunikabideen aurrean Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzordearen ondoren.

Geroa Baiko bozeramaileak esan duenez “poliziaren jarduna zeharo neurrigabea izan zen eta horren froga dira 800 zauritu baino gehiago, zeharo onartezina eta ulertezina gizarte demokratiko batean eta are gehiago Kataluniakoa bezalako gizarte batean, inoiz ikusitako zibismo mailarekin jokatu baitzen”.

Koldo Martinezek ziurtatu du “arazo politiko erreal baten aurrean Alderdi Popularraren Gobernuari otu zaion erantzun bakarra poliziaren erantzuna izan dela, elkarrizketarena izan ordez”.

“Ez dakit Rajoy kontziente ote den edo ez, baina munduan Espainiaren irudia tamalgarria da eta horrela jaso du nazioarteko prentsak. Mundu osoko egunkarien goiburuetan erreferentzia zuzena egin zaio Estatuko segurtasun kidego eta indarrek bozkatzea besterik ez nahi zuten defentsa gabeko hiritarren aurrean jardundako indarkeriari”, azpimarratu du.

Gainera, Geroa Baiko bozeramaileak “oso deigarria” iritzi izan du “Espainiako Gobernuko ordezkari baten lehen agerraldia Barne Ministeriokoa izatea, une horietan Bartzelonan gertatzen ari zena ordena publikoaren arazo bat izango balitz bezala, nahiz eta arazo politikoa izan”. “Ordena publiko hautsi zuten bakarrak Estatuko Segurtasun Kidego eta Indarrak izan ziren, kale eta ikastetxeetan agertuz”, nabarmendu du.

Gainera, Martinezek esan du “negargarria izango ez balitz, Espainiako inteligentzia zerbitzuen huts ikaragarriari buruz hitz egingo nuke, bozkatzea beste ezer nahi ez zuen hiritarrek ziria sartu baitiete, hautestontziak eta txartelak non zeuden isilpean gordetzeko gai izan baitira”. “Horiek baldin badira ditugun inteligentzia zerbitzuak…”, ziurtatu du.

Geroa Baiko bozeramaileak ere igandean Uxue Barkos Nafarroako Lehendakariak botatako txioa gogorarazi du, horrela baitzioen: “Zaila imaginatzea Kataluniako herriarena baino duintasun handiagorik eta zaila –negargarriki zaila-, poliziaren erantzun hau baino burugabekeria handiagorik”. Koldo Martínezek iritziz “txio honek ezin hobe jasotzen du Nafarroako gizartearen gehiengoak atzo pentsatzen zuena”.

Azkenik, erreferendumaren ondoren aldebakarreko independentzia adierazpena zilegi ez dela zioen Izquierda Ezkerraren adierazpen baten aurrean Geroa Baik abstentziora jo izanaren gainean galdeturik, Koldo Martínezek esan du “Nafarroako hiritarrek nola jardun esateko hona katalanak etortzea atsegingo ez luketen moduan, gu oso begirunetsuak gara Kataluniako hiritarrek horri buruz esan behar dutenaren gainean”. “Ez diegu esango zer erabaki behar duten ez eta nola, hori bai, proposatzen duguna elkarrizketa, negoziazio eta akordio bideak dira”, gaineratu du. 

Gainera, zehaztu du “Geroa Baik orain dela hilabeteetatik esan duela, arazo hau hasi zenetik, ez dula Kataluniaren egoera hau Nafarroarentzat nahi”. “Gaur esaten jarraitzen dugu, askoz gehiago Kataluniako hiritarren eskakizun demokratiko bati PPren Gobernuaren erantzun biolentoaren ondoren”, ziurtatu du. 

Izena eman gure buletina jasotzeko