Itzuli

Geroa Baik emakumeen eskubide eta askatasunak defendatzen ditu olatu atzerakoiaren aurrean

Emakumeen eskubideen alde lan egiten duten erakunde eta antolakundeekin bere konpromisoa berretsi du koalizioak, aldi berean horiek kolokan jartzen dituzten planteamendu eta politikak gaitzetsiz

    Blanca Regúlez Blanca Regúlez

    Geroa Baik agerian jarri du mundu guztian “eskubideen alorrean olatu atzerakoi kezkagarri bat” bizitzen ari dela, horren aurrean ezin gaitezkeela geldirik geratu adieraziz. Nafarroako Parlamentuko hurrengo Osoko Bilkuran, koalizioak mozio bat defendatuko du horren bitartez emakumeen eskubide eta askatasunei aitortza eta babesa espresuki agertuz, bai eta horiek mugatu nahi dituzten politikak gaitzetsiz ere, eta horien alde lan egiten duten erakunde eta antolakundeen lanarekin konpromisoa agertuz ere.

    Blanca Regúlez Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez, “gaur egun mehatxupean daude azken mendean zehar konkistatu diren eskubideak”. Atzeraldi honek, adierazi du, “eskubide kolektiboengan eragina du, bai eta eskubide indibidualengan ere, gutxiengoen eskubideengan eta, modu bereziki larrian, emakumezkoen eskubideengan”. Horregatik, ohartarazi du “atzerakada honek kolokan jartzen dituela jada finkaturik zeudela uste genituen funtsezko eskubideak ere”.

    Regúlezen arabera, olatu atzerakoi honen jatorrian, “gure erakundeetan dauden eskuin muturreko alderdien gorakada dago”, baina baita ere “eskuin tradizionaletatik, modu inplizitu zein esplizituan, egiten zaion akonpainamendua, haien politika asko txalotzen baitituzte”.

    Datorren ostegunean defendatuko den mozio batean, Oxfam Intermón erakundearen ‘Europa feminista bat?’ izenburua daraman txostena aipatzen da, Europar Batasunean genero berdintasunezko politikei buruzkoa, bertan agerian jartzen delarik eskuin muturraren gorakadarekin eta horien aurkako etengabeko jarrerekin arriskuan daudela politika horiek. Espainiar estatua ere ez da horretatik libratzen, izan ere “ezin dugu esan gure eskubideak bermaturik daudenik, hamarkadetan zehar eman den borroka feministari esker lortu diren horiek, ultraeskuinak gobernatzen duen edo eragina duen tokietan, kolokan jartzen ari baitira”. 

    Horrela, parlamentariak azpimarratu duenez, “eskuin muturra benetako mehatxua da emakumeon eskubide eta askatasunentzat, horiek murrizten ari dituzten neurriak hartzen hari baitira, askotan desinformazioarekin eta diskurtso misoginoekin lagunduz”. Regúlezek gogorarazi duenez, “haien politikek sexu eta ugalketa eskubideen aurka egiten dute, hala nola abortu seguru eta legalerako eskubidearen aurka, kontrazepzioa lortzearen aurka edo sexu heziketa integralaren aurka; indarkeria matxista existitzen denik ukatzen dute eta emakumeen defentsan eta bizitza duin, libre eta gizonekin parekidea bizitzeko duten eskubidearen defentsan lan egiten duten baliabide publiko eta pribatuak erasotzen dituzte.

    Horregatik, Geroa Bairen mozioak “Nafarroako Parlamentuak emakumeen eskubide eta askatasunen aldeko jarrera tinkoa agertzea bilatzen du”, aldi berean “eskubide hauek defendatzen dituzten Nafarroako erakunde eta antolakunde sozial feminista guztiekin Foru Ganberak duen konpromisoa agertzeko balio dezala ere nahi dugularik”, azpimarratu du Blanca Regúlezek. Azkenik, mozioak Parlamentua premiatzen du, “emakumeen eskubideak mugatu, murriztu edo zalantzan jarri nahi duen edozein ekintza edo ekimen politiko” modu espresuan gaitzetsi dezan.

    Izena eman gure buletina jasotzeko