Geroa Baik Funtzio Publikoko departamentua premiatu du Nafarroa osoan euskara atzerriko hizkuntzen gainetik baloratu dezan
Koalizioak azpimarratu duenez, gaur ezagutu den Nafarroako Auzitegi Gorenaren epaiak dekretuan defizit garrantzitsuak daudela ziurtatzen du, behin eta berriro salatu izan den moduan
Nafarroako Auzitegi Gorenak berriki eman duen epaiaren aurrean, 97/2024 Foru Dekretuaren 4.1 eta 4.2 artikuluak baliogabetzen dituena euskararen balorazioan muga ezartzen duelako, atzerriko beste hizkuntzekin egiten ez duen bitartean, hots ingelesa, frantsesa edo alemanierarekin, Geroa Baik Funtzio Publikoko departamentua premiatzen du “euskararen balorazioa administraritzaren lanpostu guztietan egin dezan eta atzerriko hizkuntzen gainetik egin dezala”.
Koalizioaren aburuz, “ebazpen judizialak zenbait esparrutan Geroa Baik duela hilabetetik hona salatu izan duena berresten du: aipatutako foru dekretuak euskararekiko diskriminazio justifikaezina ezartzen zuela”.
“Euskara Nafarroako hizkuntza propioa da eta, hortaz, beste edozein hizkuntzak bezain besteko aintzatespena eta balorazioa jaso behar du gutxienez, Administraritza publikora sartzeko eta lanpostuak betetzeko prozesuetan”, azpimarratu du koalizioak. “Ezin onar daiteke gure herrian bertan, euskararen ezagutza beste atzerriko hizkuntzen aurrean gutxiestea”, salatu du Geroa Baik.
Koalizioak gainera gogorarazi duenez, “Foru Gobernuak onartutako merezimenduen dekretua, behin eta berriro errepikatu dugun moduan, ez da Geroa Bairen dekretua”, eta bere apustua beti bestelakoa izan dela azpimarratu du; “Nafarroako Administraritza Publikoetan euskararen erabilera bestelako moduz arautzea, anbizio handiagoarekin, modu orekatuagoan, aniztasunarekin begirunetsuagoa eta herritar euskaldunen hizkuntza eskubideekin errespetu gehiagorekin”.
Geroa Baik behin baino gehiagotan ohartarazi duenez, “dekretuaren onarpenak, Administraritzara sartzeko eta bertako lanpostuen artean mugitzeko euskararen balorazioan zegoen egoera kritikoa partzialki zuzentzea ahalbidetu zuen arren, defizit garrantzitsuak edukitzen jarraitzen zuen, eta hori da orain Nafarroako Auzitegi Gorenak berak berretsi duena”.