Geroa Baik Gimeno kontseilariari eskatu dio bere buruari tranpak egiteari utz diezaion eta hitzartutako irakaskuntzako sindikatuekin negozia dezan
Sektoreko langileen ordezkaritza sindikalaren ia %99 negoziazio kolektibotik kanpo utzi dela kritikatu du Solana parlamentariak
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak hitzartutako irakaskuntzaren hobekuntzarako sektoreko sindikatuekin paktua negoziatzeari ezezkoa eman ondoren sortutako polemikaren aurrean, María Solana Geroa Baiko parlamentariak zera dio; “gaur berriro ere errealitatetik zeharo urrun dagoen kontakizun bat jaso dugu Hezkuntza kontseilariaren aldetik, eta patronalen eta Departamentuaren artean negoziatu duten dokumentu berriarekin euren buruak kalteturik ikusiko dituzten pertsonentzako zinismo jasanezina da hori”.
Solanak ziurtatu duenez “hitzartutako irakaskuntzako langileentzako aurten %3,25 igotzea, 2017ko akordioan itundu zenaren emaitza da, ez gehiago ez gutxiago; eta Gobernu honek akordio hori betetzeko konpromisoa hartu zuen. Hortaz, Hezkuntza Departamentuak egin duena aurreko akordioa burutzea izan da, bitartean beste dokumentu berri bat negoziatuz, eta Geroa Bairen iritziz akordio bat izatetik oso urrun dagoen dokumentua gainera, gardentasun eta partaidetza eza agerikoak izanik, sektoreko langileen ordezkaritza sindikalaren ia %99 negoziazio kolektibotik kanpo utzi baitira”.
Halaber, Solanaren arabera “Gimeno kontseilariak gezurra dio lansarien analogia berreskuratu dela ziurtatzen duenean, eta ez da egia ere patronalekin itundutakoak aurreko akordioarekiko hobekuntzak ekartzen dituenik. Sindikatuek salatzen dutenez, atzera pauso bat dago, baldintzek okerrera egiten dute argi eta garbi. Murrizketak daude; egitate bat da, ez iritzia”.
“Geroa Bain ez dugu ulertzen ez eta elkarbanatzen ere Departamentuak eta Gimeno kontseilariak sindikatuekin eseri eta haien lan baldintzak hobetzeko aukerak bilatzeari emandako ezezkoa; horrelako gai bati ezezkoa ematea gure eredutik oso urrun dago, bai eta negoziazio kolektiboa, elkarrizketa soziala, zerbitzu publikoa eta diru publikoaren kontrola ulertzeko gure modutik oso urrun ere”, ziurtatu du Solanak.
María Solana