Itzuli

Geroa Baik Gimeno (PSN) salatu du Lizarran hezkuntzaren errealitatea manipulatu duelako

Isabel Aranburu Isabel Aranburu

Geroa Baik Gimeno (PSN) salatu du Lizarran hezkuntzaren errealitatea manipulatu duelako, aurrematrikularen datuak bihurrituz, eta bere balorazioan Nafarroako datu orokorrak, tokiko datu zehatzekin nahastuz, Nafarroako Gobernua kritikatzea beste helbururik ez duen zifra zopa ulertezin bat lortuz. “Mesede gutxi egiten dio PSNk hainbeste defendatzen duen Hezkuntza Publikoari, itundutako sarearen hazkundeari buruz barra-barra aritzen denean datuen atzean zer dagoen azaldu gabe”, azaldu du Isabel Aranburu Geroa Baiko Hezkuntza bozeramaileak.

Lehenik, Aranburuk gogorarazi du “maila orokorrean, 2017ko aurrematrikulazioarekin alderatuz, 2018an %62 hazi da hezkuntza publikorako eskaera, itundutako sarean %38 hazi delarik, 1,3 puntuko beherakada erregistratuz”. “Gimenok Lizarrako datuekin egiten duen interpretazioa barregarria da, itundutako sarean %6ko gorakada 150 eskaera ingururi buruz hitz egiten ari garenean ez baita inondik inora adierazgarria, bereziki Nafarroa osoan egindako milaka eskaerekin alderatzen badugu, sare publikoan hazi egiten baita”, azpimarratu du.

Geroa Baiko Hezkuntza bozeramaileak azaldu duenez, azken urteetako datuak kontutan hartuz, “ez gaude joera baten aurrean, eskaerak urtetik urtera aldatu egiten baitira”. Horrela, 2014an 76 eskaera egon ziren itundutako sarean, 2015ean 79 izan ziren, 2016an 54ra egin zuten behera, iaz 89 izan ziren eta, 2018an 93 egon dira. “Datu hauek ezin dira interpretatu jaiotza-tasa, hizkuntza ereduak edo Lizarraldeko gainontzeko eskolaratzea kontutan eduki gabe, hizkuntza eredu berriak eta  zentro berriak sortu baitira”, azaldu du Aranburuk.

“PSNren bozeramaileak lortzen dituen ondorioak bere optika berezitik antzeman daitezke bakarrik, ematen dituen datuak aurrematrikularen benetako datuekin kontraesanetan sartzen baitira. Berriro ere berak aurkezteko interesa dituen datuak benetan direnekin nahasten ditu”, amaitu du Geroa Baiko Hezkuntza bozeramaileak.

Izena eman gure buletina jasotzeko