Geroa Baik gobernu plural eta aurrerakoiekin erakunde guztietan duen konpromisoa berretsi du Uxue Barkosek
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako hautagaiak PSN premiatu du udal aurrerakoien aldeko konpromisoa lehenbailehen har dezan
Geroa Baik gobernu plural eta aurrerakoiekin erakunde guztietan duen konpromisoa berretsi du Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzarako Geroa Bairen hautagaiak. Halaber, Barkosek Nafarroako Alderdi Sozialista premiatu du “hiri eta herri guztietan, hautestontziek hala badiote, udal aurrerakoien aldeko konpromisoa” har dezan. “Hori egitera premiatzen dugu PSN, eta lehenbailehen egin dezala: hobe orain, aurrekanpainan, kanpainan baino; eta hobe kanpainan hauteskundeen ondoren baino”, azpimarratu du Barkosek.
Hautagaiak ziurtatu duenez, “Geroa Bairen botoak erabakigarriak izango diren tokietan, Nafarroako herritarrekin dugun konpromiso hori inoiz ez da faltako: gobernu plural eta aurrerakoiak egongo dira”, eta ohartarazi duenez, “erakundeak hautatzeko daten inongo kalkulu-operaziok, ez eta foru gobernua edo udal gobernuak negoziatzeko inongo premiak ez du nafarrek datorren maiatzaren 28an hautestontzietan erabakiko dutena aldatuko”.
Geroa Baik Eguesibarrerako aurkeztu duen programaren ildo nagusiak aurkezteko prentsaurrekoan, Sarrigurenen egin dena, Barkosek azpimarratu duenez “PSNk legegintzaldi honetan Iruñerrian jardun zuen joko bikoitzarekin, Navarra Sumak orokorrean bere barne liskarrekin eta UPNk zehazki bere kudeaketa ezarekin udalerri honi moztu zioten aldaketa berreskuratu nahi dugu datorren maiatzean”.
“Lau urte hauetan Iruñerria bereziki zigortua izan da bere udaletako askotan egon den egonkortasun politiko ezagatik eta seriotasun instituzional ezagatik ere, eta bi izan dira horren arrazoi nagusiak: sozialisten tinkotasun politiko falta eta Navarra Sumaren barne liskarrak”, azpimarratu du hautagaiak.
Horrela, Barkosek gogorarazi duenez Eguesibarren “Gobernu taldeak zigor galanta jaso du bere alderdiaren aldetik, UPNren aldetik alegia; baina ez bere kudeaketa akatsengatik, alderdien arteko barne istiluengatik eta alderdien barne korronteengatik baizik”. “Barne istiluak eta UPNk zein PPk darabilten ‘fitxaje merkatu’ hori ez dira onargarriak uneotan, gure gizarteak dituen arazoekin”, gaineratu du.
Geroa Bairen hautagaiak gainera ziurtatu duenez, “hemen Iruñerrian egonik, Eguesibarren, ez da ere onargarria Nafarroako sozialistek udal plural eta aurrerakoiak boikoteatu eta lau urteren ondoren, gaur gauza bera egiteko mehatxuarekin jarraitzea”.
“Gezurra dirudi Nafarroako Gobernuaren buruan gehiengo aurrerakoi eta plural baten babesarekin egon denak, Nafarroako udal nagusietan gauza bera egiteko beldur izaten jarraitzea, besteak beste Eguesibarreko Udalean”, nabarmendu du Barkosek. Era berean, hautestontziek hala erabakiko duten hiri eta herri guztietan Geroa Baik gobernu plural eta aurrerakoiekin duen konpromisoa berretsi du Barkosek. “Beldurrik gabe aldarrikatzen dugu, baina konbikzioz ere, eta harrotasunez ere egiten dugula esango nuke”, amaitu du adieraziz.