Geroa Baik Gobernu zentrala premiatu du Nafarroaren garapen industrialerako beharrezkoa den ahalmen elektrikoa bermatu dezan
Koalizioak mozio bana erregistratu ditu Senatuan eta Foru Parlamentuan eta sare elektrikoaren saturazioak Nafarroaren etorkizun industriala eta ekonomikoa arriskuan jar dezakeela ohartarazi du
Nafarroaren benetako beharrizanei erantzungo dien planifikazio elektriko bat eskatu dio Geroa Baik Gobernu zentralari. Helburu honekin, koalizioak bi mozio erregistratu ditu -bat Senatuan eta beste bat Nafarroako Parlamentuan- sare elektrikoaren saturazioak Foru Komunitatearen garapen industriala eta ekonomikoa galaraztea ekiditeko helburuarekin.
Nafarroako industriarentzako duen arriskuaz ohartarazi du Uxue Barkosek
Goi Ganberan, Uxue Barkos senatariak mozio bat erregistratu du Trantsizio Ekologikoko Batzordean eztabaidatu dadin, horren bitartez salatuz 2025-2030 Estatuko planifikazio elektrikoaren zirriborroak ez dituela Nafarroako Gobernuaren eskaerak jasotzen, nahiz eta Foru Komunitatean banaketa-korapiloen %94 jada saturaturik egon.
“Egoera kritiko baten aurrean gaude. Ahalmen elektriko nahikoa bermatzen ez bada, Nafarroako industriaren etorkizuna arriskuan jartzen da, bai eta inbertsio berriak etortzea ere”, azpimarratu du Barkosek.
Horregatik, Gobernu zentrala premiatzen du Foru Exekutiboak egindako eskaerei lehenbailehen erantzuna eman diezaien eta planifikazioaren zirriborroa alda dezan, horrela Nafarroako sare ekonomikoak behar duen hornidura bermatzeko.
“Nafarroak trantsizio energetikoaren bere konpromisoa frogatu du. Baina ezin da atzean geratu Estatuaren aldetik dagoen borondate politiko ezarengatik”, adierazi du Barkosek.
Mikel Asiain: “Gobernu zentralak ez du Nafarroak egindako eskaera garrantzitsurik erantzun”
Modu paraleloan, Mikel Asiain foru parlamentariak mozio bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, Osoko bilkuran eztabaidatzeko eta Industria eta Trantsizio Ekologikoko Batzordean jarraipena egiteko ere. Asiainek gogorarazi duenez, irailaren 18an Mikel Irujo kontseilariak eta Joan Grizard Energiaren Estatu Idazkariak egindako bileran, nafar kontseilariak deitoratu egin zuen Gobernu zentralak ez zuela Nafarroak egindako eskaerarik erantzun, potentzia elektrikoaren eskaerari erreferentzia eginez.
Foru parlamentariak gogorarazi duenez, “industria gure komunitateko BPGren %32 da” eta gaineratu du “gure garapena blokeatzen duten mota hauetako erabakirik” ezin onartu dezaketela.
Ebazpen proposamenak Espainiako Gobernua premiatzen du planifikazio elektrikoaren zirriborroa aldatu dezan, horrela Nafarroak planteatutako potentzia eskaera gaineratzeko.
Asiainek berretsi duenez “egoera hau ezin da kontu tekniko edo txikikeria moduan landu, Nafarroaren etorkizun industrial eta ekonomikoa jokoan baitago”
Azkenik, indar politiko eta erakunde guztien babesa lortzea espero du koalizioak, modu tinkoan eta aho batez Gobernu zentralari eskatzeko Nafarroari zor dion konpromisoa bete dezan.
Uxue Barkos