Itzuli

Geroa Baik harritasuna agertu du Gobernu zentralak adin txikikoen irtenaldiei buruz iragarritako neurriaren aurrean

Koalizioak zuzentzea eskatu dio Gobernuari eta neurri hau “azkenean konponbide bat espero zuten familia horientzako guztientzako ulergarria ez dela” azpimarratu du

Isabel Aranburu Isabel Aranburu

Geroa Baik harritasuna agertu du Gobernu zentralak iragarritako neurriaren aurrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean onartu ondoren adin txikikoek helduei supermerkatura, botikara, banketxera eta ogia edo egunkaria erostera laguntzeko baimena ematen baitie apirilaren 27tik aurrera.

“Gobernuak hausnarketa egin eta iragarritakoa zuzen dezan eskatzen dugu, erabakitako neurria ez baita haurrentzako egokia, ez baitu abantaila handirik osasun aldetik kutsatze kopurua ez handitzeari dagokionez, eta ez baita ulergarria azkenean arazo honentzako konponbide bat espero zuten familia horientzako guztientzako”, ziurtatu du Isabel Aranburu Geroa Baiko parlamentari eta koalizioaren Gizarte Eskubideen bozeramaileak.

Aranburuk azpimarratu duenez “supermerkatua, botika edo banketxeek ez dirudite haur txikientzako toki egokiagoak direnik, parkeak, plazak edo kaleak baino gutxienez. Edonork uler dezake, are gehiago egoera honetan, haientzako hoberena tarte bat bederen, aire zabalean egotea dela”.

Geroa Baiko parlamentariak gainera nabarmendu duenez, “gauza ez da helduek egin beharreko irtenaldietan lagundurik joatea, baizik eta heldu batek, logikoa den moduz, etxetik irteteko beharra duen haur bat laguntzea”. “Adin txikiko guztientzako beharra da eta, haien etxebizitza eta inguruaren arabera, batzuentzako benetako premia da”, ziurtatu du.

Aranbururen aburuz, “haur txikiek haien etxeetatik irtetzeko aukera edukitzearen helburua, haien ongizatea hobetzea besterik ez du izan behar”. “Haurrek haien garapenari mesede egingo dion ingurune batean egoteko eskubidea da abiapuntua eta, COVID19aren pandemiak sortutako egoeran, konfinamenduak ahalik eta eragin ezkor txikiena edukitzea, are gehiago denboran luzatzen ari den egoera honetan”, gaineratu du.

Horregatik guztiagatik, Geroa Baik Gobernu zentralari eskatu dio neurri hau, iragarria izan den moduan, zuzen dezan eta adin txikikoei parke, plaza eta kaleetara irteteko baimena ematea, beti ere modu ordenatuan eta higiene zein osasun publikoko neurriak betez.

Azkenik, koalizioak azpimarratu duenez, neurri honen inguruan azken egunotan gertatutakoak, Gobernu zentralaren aldetik dagoen inprobisazio maila handia agertzen du, zentzu batean eta aurkakoan doazela diruditen adierazpen publikoekin, eta pertsonengan beharrezkoa ez den haserrea eta mina sorraraziz.

Izena eman gure buletina jasotzeko