Geroa Baik hauteskunde orokorretarako bere oinarri politikoak aurkeztu ditu, Nafarroaren defentsa, autogobernua eta ongizate estatua ardatz nagusi moduan agertuz
Nafarroa subjektu politiko moduan defendatu, Hitzarmen Ekonomikoa autogobernurako berme moduan aldarrikatu eta zerbitzu publikoak eta eskubide zibilak sendotzea planteatzen du koalizioak ultraeskuinaren aurreratzearen aurrean
Geroa Baik bere oinarri politikoak zehaztu ditu azaroaren 29ko hauteskunde orokorrei begira, deialdi berri honetan Nafarroaren defentsa, autogobernua, Ongizate Estatua eta aniztasuna aldarrikatuz Gorte Orokorretan bere ekintza politikoaren lehentasun moduan. Oinarri politikoen dokumentua euskaraz eta gaztelaniaz kontsultatzeko aukera dago koalizioaren web orrialdean: geroabai.eus.
Koalizioaren iritziz, hauteskunde hauek ultraeskuinaren aurreratzeak markaturiko testuinguruan egingo dira eta, hortaz, eskubide sozial, zibil eta politikoen inboluzio arrisku egoeran. Parada honen aurrean, demokraziaren defentsa herritarren ongizatea sendotuko duten politika publikoekin batera halabeharrez egin behar dela planteatzen du Geroa Baik, klase ertainak babestuz eta zerbitzu publiko sendoak bermatuz.
Zentzu honetan, Geroa Bairen iritziz ultraeskuinaren aurreratzeari eman beharreko erantzuna ezin da akordio instituzionaletara mugatu, baizik eta kudeaketa eraginkorrean, gobernu egonkorretan eta herritarren bizi kalitatea hobetuko duten politiketan gauzatu.
NAFARROA, SUBJEKTU POLITIKO ETA ERABAKITZEKO GAI
Geroa Bairen oinarri politikoen ardatz nagusienetako bat, Nafarroa ahots propioa duen subjektu politikoa dela eta erabakitzeko gaitasuna duena defendatzea da. Foru Komunitateari eragiten dioten erabakiek Nafarroako herritarren interesei erantzun behar dietela aldarrikatzen du koalizioak eta ez Madrilgo zuzendaritza politikoen estrategia edo interesengatik baldintzaturik egon.
Testuinguru honetan, Foruaren Hobekuntzan ezartzen den aldebikotasunaren benetako aitortza defendatzen du Geroa Baik, bai eta egin gabe dauden transferentzien betekizuna eta Nafarroaren foru eskumenen baitan dauden gaiak jorratzen dituzten Europako erakundeetan Nafarroak ahotsa eta botoa eduki dezala.
Era berean, trenbide azpiegitura alorrean eta lursail ureztagarrien alorrean Estatuak hartutako konpromisoei betekizuna ematea kokatu du koalizioak bere lehentasunen artean, Nafarroa Euskal Yrekin nola lotuko den zehaztea, bai eta Foru Komunitateak 2030 planifikazio elektrikoan izango duen tokia zehaztea ere.
Halaber, Sekretu Ofizialen Legea aldatzearen beharra aldarrikatu du Geroa Baik, eragindako minaren aitortzan aurrera egiteko eta Mikel Zabalzarena bezalako kasuen argitzea ahalbidetzeko.
HITZARMEN EKONOMIKOA, AUTOGOBERNUAREN BERME
Eskubide historikoen aitorpena zalantzan jarriko lukeen Konstituzioaren erreforma batek ekarriko lukeen arriskuari buruz ohartarazi du ere Geroa Baik, Nafarroaren autogobernuarentzako funtsezkoak diren tresnak ere zalantzan jarriko baitira, hots Hitzarmen Ekonomikoa.
Koalizioak gogorarazi du Voxek Hitzarmen eta Itun Ekonomikoa bertan behera uztea planteatu duela, eta Alderdi Popularraren Gobernu batean parte hartzen badu, Nafarroak ezin du ahaztu tresna hauek arriskuan egongo direla.
Horregatik, Hitzarmen Ekonomikoak duen balioaren defentsa Geroa Bairen lehentasun politikoetako bat da, Nafarroak bere baliabideei buruz erabakitzeko eta bere autogobernua jarduteko gaitasuna bermatzen duen oinarrizko tresna den heinean.
ONGIZATE ESTATUA ETA ZERBITZU PUBLIKOAK SENDOTU
Geroa Bairen oinarri politikoek Ongizate Estatua sendotzearen beharra jasotzen dute ere, gizarte kohesioa eta demokraziaren kalitatea bermatzeko funtsezko elementua baita hori.
Koalizioaren aburuz, azken urteetako kudeaketa ekonomiko eta sozialak ez die modu nahikoan erantzun klase ertainen zailtasunei, soldata ertainen geraldia, bizi kostuaren gorakada eta, bereziki, etxebizitza lortzeko zailtasunak pairatzen baitu klase ertainak.
Alor honetan, erosahalmena berreskuratzea ahalbidetuko duten politikak bultzatzearen beharra planteatzen du Geroa Baik, herritarren bizi kalitatea hobetuz eta murrizketen aurrean zerbitzu publiko sendoak bermatuz.
Koalizioaren iritziz, datorren ziklo politikoak Nafarroaren etorkizunarengan eragina duten gaiei heltzeko balio beharko du ere, horien artean beka eskumenaren transferentzia, lursail ureztagarrien inguruko konpromisoak eta energiaren zein trenbideen planifikazioa.
ANIZTASUNA BIZIKIDETZAREN ARDATZ ETA ESKUBIDEEN DEFENTSA
Azkenik, Nafarroan bizikidetzarako funtsezko zutabe moduan aldarrikatu du aniztasuna Geroa Baik eta eskubide eta askatasunetan inboluzio arriskuaren gainean ohartarazi du, eskubide zibilen eta aniztasunaren aurkakoak diren jarreren aurreratzearen aurrean.
Zentzu honetan, LGTBI kolektiboak konkistaturiko eskubideen mantentzea jarri du koalizioak bere lehentasunen artean, bai eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen babeserako politika publikoen sendotzea, oroimen historikoaren eta demokratikoaren politikak, hizkuntza ofizialen defentsa eta gizarte ireki eta abegitsu batekin konpromisoa.
Halaber, klima aldaketari aurre egiteko politikak sendotzea eta Estatuko lurralde aniztasun eta aniztasun politikoaren defentsa kokatu ditu Geroa Baik bere oinarrietan.
Oinarri politiko hauekin, Nafarroaren eta bere autogobernuaren defentsa eta bere herritarren eskubide eta ongizatearen defentsa aldarrikatu ditu Geroa Baik datorren legegintzaldian Gorte Orokorretan egingo duen bere lanaren ardatz moduan.
Pablo Azcona