Geroa Baik hauteskunde orokorretarako bere zerrendak osatzeko prozesua ireki du
Azaroaren 10eko Hauteskunde Orokorrei begira, Geroa Baik Kongresurako eta Senaturako zerrendak osatzeko prozesua hasi du koalizioaren organoetan.
Koldo Martínez izan zen pasa den apirileko hauteskundeetan Diputatuen Kongresurako hautagaia eta atzo Nafarroako Parlamentuak senatari autonomiko izendatu ondoren, koalizioak hautagai berri bat izendatu beharra du.
Azaroko hauteskundeen aurrean Geroa Baik ziurtatu duenez “berebiziko garrantzia duen une politiko baten aurrean gaude eta behar beharrezkoa da Madrilen Nafarroaren ahots propio bat edukitzea”. “Estatu mailako alderdien dinamika propioen menpe egongo ez den ahots propio bat, Nafarroa plural eta aurrerakoi hori lehen planoan jartzeko”, azpimarratu du.
Bestalde, Geroa Baik “Estatuan bizitako blokeo egoera” deitoratu du, eta akordio falta dela eta sortutako frustrazioaren aurrean, Geroa Baik “Nafarroan 2015tik hona eman den elkarrizketa eta negoziazio gaitasuna” aldarrikatu du, “horrek ahalbidetu baitu bi gobernu plural eta aurrerakoi eratu izana, egonkortasun politikoa emanez eta Nafarroako herritarrei ongizatea ekarriz”.