Itzuli

Geroa Baik hautetsiekin lan saio bat egin du ikasturte politiko berriari begira

    Unai Hualde Unai Hualde

    Geroa Baik lan saio bat egin du gaur hautetsiekin bere Iruñeko egoitzan ikasturte politiko berriari begira, gako izango baita besteak beste toki administraritza bezalako alorretan. “Udal politikagintza Toki Administraritzaren birmoldaketak markatuko du, datozen hilabeteetan fase erabakigarrian sartuko baita”, adierazi du Unai Hualdek, hots Geroa Baiko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administraritzako bozeramaileak.

    Koalizioko eta Nafarroa osoko talde independenteetako foru parlamentariak, alkateak eta zinegotziak elkartu dituen topaketa horretan, “finantzaketa eta planta zein konpetentzien eztabaidari elkarrekin ekitearen garrantzia” nabarmendu du.

    Gainera, toki erakundeek “proiektu hau denon artean eraikia izan dela sentitzea” funtsezkoa dela azpimarratu du. “Hori izan da erronka eta izaten jarraituko du”, nabarmendu du.

    “Hilabetez eztabaidatu ondoren, aurki Parlamentuko mahai gainean Nafarroako Gobernuko Toki Administraritza Departamentuaren lege proiektu bat edukiko dugu, bertan gure ekarpenak egiteko aukera izango dugularik, toki erakundeek egindako gomendio eta hausnarketen inguruan Geroa Baik egindako irakurketatik abiatuz”, adierazi du Hualdek.

    Parlamentariak gainera azpimarratu duenez “kontziente gara garrantzia handiko gaia dela eta Geroa Bairen nahia da parlamentu talde ezberdinak adostasunetara iristeko jarreran egotea”. “Jarrera hori izatea espero dugu eta ez UPNk azken hilabeteetan toki parte hartze prozesuaren une ugaritan eztabaida hau eraman nahi izan duen manipulazio eta demagogia jokoa” amaitu du. 

    Izena eman gure buletina jasotzeko