Itzuli

Geroa Baik hezkuntza departamentua premiatu du Nafarroako ikastetxe publiko guztietako seinaleztapena euskaraz ere jar dezan

Koalizioaren iritziz egin beharra dago, bereziki A, B eta D ereduen bitartez euskarazko irakaskuntza edo euskara ikasgai moduan duten zentroetan

    Mikel Asiain Mikel Asiain

    Geroa Baik Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatu du, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuarekin lankidetzan Nafarroako hezkuntza zentro publikoetako karteldegia, seinaleztapena eta seinaletika errotulazio elebidunean jar dezan. Geroa Bairen aburuz, euskararen aitorpen eta sustapenerako aurrerapauso bat gehiago da hau. Horrela planteatuko du koalizioak datorren ostegunean Parlamentuko Osoko Bilkuran defendatuko duen mozioan.

    Mikel Asiain Geroa Baiko parlamentariak azpimarratu duenez, “irudiaren garaian bizi gara, horregatik da hain garrantzitsua seinaleztapena eta seinaletika gure gizartean”. Are gehiago, azaldu du Asiainek, “gurea bezalako Komunitate batean, non bi hizkuntza propio, gaztelania eta euskara, elkarrekin bizi diren”.

    Horregatik, gaineratu duenez “nahitaezkoa da, hezkuntza eta kulturaren ikuspuntu hutsetik izanik ere, herritarrek kartel edo seinaleen bitartez bi hizkuntza propioekin kontaktu minimo bat edukitzeko aukera izatea”.

    Parlamentariak dio pauso hau ematea “euskarekiko justizia kontua” dela, aldi berean “Foru Komunitateko hizkuntza propioetako baten sustapenean” aurrera egitea ahalbidetuko delarik ere.

    Geroa Bairen mozioan Hezkuntza Departamentua premiatzen da, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Departamentuarekin lankidetzan Nafarroako hezkuntza zentro publikoetako idazkun, kartel eta seinale guztiak (analogikoak eta digitalak) bai euskaraz bai gaztelaniaz ere jar ditzan, euskarazko irakaskuntza edo euskara ikasgai moduan duten zentroei lehentasuna emanez: A, B eta D ereduak alegia.

    Izena eman gure buletina jasotzeko