Itzuli

Geroa Baik Hezkuntza departamentua premiatu du Tuterako Hizkuntza Eskolako hezkuntza eskaintza murriztu ez dezan

Jabi Arakama parlamentariak ziurtatu duenez “matrikularen beherakadak, pandemia testuinguruan gertatu zela kontuan izanik, ez du zertan horrelako murrizketak egiteko arrazoia izan behar”

    Jabi Arakama Jabi Arakama

    Geroa Baik Hezkuntza Departamentua premiatu du Tuterako Hizkuntza Eskolako hezkuntza eskaintza murriztu ez dezan, hala iragarri baitu Departamentuak, ingelesezko 26 taldetik 22ra pasaz, frantseseko 8tik 6ra, eta 6tik 3ra bai euskarazko zein alemanierazko taldeetan.

    Jabi Arakama koalizioko parlamentariaren aburuz, “murrizketa hori gauzatzeko argudio nagusiak, azken urteetan ikusi den matrikularen beherakada alegia, ez du zertan horrelako murrizketak egiteko arrazoia izan behar, are gehiago kontuan izanik egungo matrikula burutzeko unean oraindik pandemia betean geundela”.

    Zentzu honetan Arakamak ohartarazi duenez, “euskara eta alemaniera hizkuntzetan aurreikusten den murrizketa handiak ezinezko bihurtu dezake ikasleen aldetik ikasketa prozesuari jarraitutasuna ematea, horretarako behar dituzten mailetan ez baitute eskaintza nahikorik”, era berean gogoraraziz “erakunde ezberdinek, hala nola Hizkuntza Eskolako zuzendaritzak berak, jada adierazi dutela bi hizkuntza hauen irakaskuntzaren galera, bai eta beste hizkuntzen murrizketa, Erriberarentzako galera handia dela”.

    Horrela, Geroa Baiko parlamentariak ekimen bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, Hezkuntza Departamentua premiatuz “2022/2023 ikasturtean maila guztietan eta egun Tuterako Hizkuntza Eskolan eskaintzen diren hizkuntza guztietan matrikulatzeko aukera manten dezan”.

    Halaber, aurkeztutako proposamenean “hizkuntzen ezagutzaren garrantziari buruzko sentsibilizazio kanpainak areagotzea” eskatzen da, bai eta “Iruñeko eta Tuterako Hizkuntza Eskolen garrantzia azpimarratzeko publizitate kanpainak areagotzea eta Erriberako hiriburuko zentroan ekintza positiboko neurriak ezartzea ere, ikasteko interesa duen pertsona bakar bat ere kanpo geratu ez dadin”.

    Geroa Baiko mozioak gainera, “Tuterako Hizkuntza Eskola Ofizialaren eta Tuterako Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzako Zentro Publikoaren arteko mekanismoak bultzatzea” eskatzen dio Departamentuari, “helduentzako euskara ikasketa eskaintza integral bat ezartzeko helburuarekin, haien beharrizan eta interes ezberdinei erantzuna emanez”.

    Ildo honetan, parlamentariak Tuterako Helduentzako Oinarrizko Hezkuntzako Zentro Publikoko matrikulazioaren arrakasta nabarmendu du, 2029/2020 ikasturteaz geroztik euskarazko oinarrizko formakuntza eskaini baitu udalerri ezberdinetan, hots Tutera, Cascante, Corella, Castejón edo Cortes. “Datuek frogatzen dute Erriberako herritarren zati handi batek urteak daramatzala hurbiltasunezkoa den eta haien beharrizanei erantzuten dien hezkuntza eskaintzari erantzun positiboa emanez, lingua navarrorum zein beste hizkuntza komunitarioak ikasteko interes bizi eta erreala ikusaraziz, komunitate elebidun batean eta kontinente zeharo eleanitz baten baitan”, azpimarratu du.

    “Hezkuntza Departamentuak, Tuterako irakasle eta ikasleekin batera, Erriberako herritarrei eskaintzen zaien hezkuntza motan aldaketak egiteko aukera ikertu beharra du, dela metodologiaren aldetik edo asteko ordu kopuruari dagokionez, begirada beti eskaintzaren hobekuntzan jarriz. Erakunde publikoen eginkizuna hezkuntza eskaintza hobetzeko lan egitea da, ez hori murriztea”, amaitu du adieraziz Geroa Baiko parlamentariak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko