Geroa Baik Hezkuntza Departamentuaren inprobisazioa kritikatu du, bai eta planifikazioa eskatu eta hezkuntza sareko 3 urteko haurren ikasgela guztiak irekita mantentzea ere
Pablo Azcona: “Gimeno kontseilariak hausnarketari eustea eskatzen dugu, aldarri sozial eta politikoa entzuten jarraitzea eta eskaerei erantzutea, Nafarroako hezkuntza sareko ikasgelak irekita mantentzeko”
Pablo Azcona Nafarroako Parlamentuan Geroa Baiko bozeramaileak Foru Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatu du “inprobisatzeari utz diezaion”, sare publikoan 3 urteko haurren ikasgela bakar bat ere ez dela itxiko iragarri baitu gaur. “Atzo ezinezkoa zena, gaur, hein batean, posible da”, esan du.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Azconak “positibotzat” jo du Carlos Gimeno kontseilariak “ikasgela publikoei dagokienez hein batean hausnartu izana eta horietako bakar bat ere ez dela itxiko iragarri izana”. “Hausnarketari eustea eskatzen diogu, bai eta aldarri sozial eta politikoa entzuten jarraitzea eta eskaerei erantzutea, eta era berean datuak analizatu ditzala ere Nafarroako hezkuntza sarean ikasgelak irekirik mantendu daitezkeen ikusteko”, adierazi du, ziurtatuz gainera beharrezkoa dela itundutako sareko 14 unitateen itxiera “leheneratzea”.
Geroa Baiko eledunak azpimarratu duenez, “Nafarroako hezkuntzaren etorkizunerako une garrantzitsu batean gaude, aldaketa demografikoen une batean gaude, aurrekontuen egonkortasun une batean eta datu ekonomikoek etorkizuneko erabakiak hartzea ahalbidetzen digute, eta une ezin honea da planifikatzeko eta datozen urteetan hezkuntza sistema kaltetu dezaketen erabakiak ez hartzeko”.
Azconak nabarmendu duenez, “Nafarroako hezkuntza sisteman ez da ikasgela bakar bat ere itxi behar”, aldi berean adieraziz “Gobernuaren baitan egoera hau leheneratzeko gai izango garela” espero duela, “eta ez partzialki, bere osotasunean baizik”. “Pasa den astelehenean sare publikoko 19 unitate itxiko zituela esan zuen, gaur bakar bat ere ez dela itxiko; hortaz, positiboan emandako pausoa eman du, eta Geroa Baik eskatzen duen norabidean gainera”, adierazi du.
Geroa Baiko bozeramailearen iritziz, Hezkuntza Departamentuak “irizpidea aldatu du”, eta hori “mantentzea” eskatu dio, “bereziki irizpide aldaketa hori afera demografiko baten ondoriozkoa dela jakinik, eztabaida bestelako izan beharko lukeen une batean, hala nola hezkuntzaren hobekuntza edo ratioen beherapena, kontuan izanik gainera uneotan aurrekontuen aukerek hori egitea ahalbidetzen dutela”.
Pablo Azcona