Itzuli

Geroa Baik igande honetan Tuteran egingo den Nafarroa Oinezen parte hartzeko deialdia egin du

María Solanak “euskara bizikidetzarako eta etorkizunera loturiko hizkuntza moduan ulertzearen” alde egin du

María Solana María Solana

Geroa Baik igande honetan Tuteran “Izan argi” lelopean ospatuko den Nafarroa Oinezen parte hartzera animatu ditu herritarrak eta “Argia Ikastolak Erriberan euskararen alde urte luzez egindako lan baliotsua” nabarmendu du.

María Solana Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak ziurtatu duenez “euskara hizkuntza bizia da” eta gogorarazi du “azken hamarkadetan hiztunen kopuruak gora egin duela, bereziki belaunaldi gazteenetan”. “Horregatik, euskararen presentzia sozial handiagoa lortzeko lan egin behar dugu, hala nahi duenak gizarteko esparru guztietan erabili ahal izateko aukerak sortuz, bere erabilerarako askotan dauden oztopoak, zailtasunak edo arazoak gaindituz”, azpimarratu du.

Solanak berretsi duenez “euskara gure gizartea aldentzen eta zatitzen duen hizkuntza moduan agertzen duten diskurtso interesatuak gainditzeko beharra dago”, eta “bizikidetzarako eta etorkizunarekin loturik dagoen hizkuntza moduan ulertzearen” alde egin du.

 

Geroa Bairen hautagaiak azpimarratu duenez “euskara Nafarroako hizkuntza propioa da eta, horrenbestez, nafar guztion ondarea”. “Herritar guztiek hura ikasteko eta erabiltzeko eskubide berbera eduki beharko luke”, nabarmendu du.

Horregatik guztiagatik, Geroa Baik igande honetan Tuterara joateko deialdia egin du Nafarroa Oinezen parte hartzeko eta milaka familiek euskararen alde Nafarroan burutu duten lan desinteresatuaren garrantzia azpimarratzeko.

Izena eman gure buletina jasotzeko