Geroa Baik ikerketa batzorderako bere lan-plana aurkeztu du esleipen publikoen analisian ahalik eta gardentasun eta zorroztasun handiena bermatzeko helburuarekin
Koalizioak dokumentazio eskakizun sakona egin die erakunde ezberdinei, bai eta hainbat agerraldi eskakizun ere
Nafarroako Gobernuak azken lau legealdietan obra publikoekin egindako edo finantzaturiko lizitazio eta esleipenen gaineko Ikerketa Batzorderako bere lan-plana erregistratu du Geroa Bairen Parlamentu Taldeak gaur Parlamentuan.
Kontratazio publikoaren prozedimenduen analisian ahalik eta gardentasun eta zorroztasun handiena bermatzea da plan honen helburua, koalizioaren aburuz funtsezkoak baitira printzipio horiek herritarrek erakunde publikoetan eduki beharreko konfiantza sendotzeko.
Geroa Baik dokumentazio eskakizun sakona egin du, garrantzia bereziko dokumentazio sorta bat eskuratzea eskatuz, horien artean honakoak nabarmenduz: Acciona, Servinabar 2000 S.L. eta beste enpresek osaturiko Aldi Batera Enpresa Elkarteei esleitutako obren espediente osoak; Interbentzio sailak eragozpenbideekin emandako txostenak, suspentsiboak izan edo ez, 2001 urtetik gaur arte; lizitazio eta esleipenei buruzko datuak departamentu bakoitzeko, enpresa lizitatzaile bakoitzeko eta esleipen irizpide tekniko eta ekonomikoak; Mina Muga enpresaren ustiapen proiektuei buruzko espedienteak, Nafarroari dagozkionak, baina baita ere Estatuaren eta Aragoiren eskumenekoak; Nafarroako Gobernuak eskatutako kanpo-auditoretzak, hauek eskuragarri egotean, eta epaitegietako kausaren baitan jarritako dokumentazio-fiskala.
Halaber, txostenak eta informazioa eskatu dizkio Kontuen Ganberari, Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoari, Espainiako Gobernuari, Aragoiko Gobernuari, Senatuari eta Auzitegi Gorenari.
Eskatutako espedienteekin lotura zuzena duten arduradun publikoen agerraldi eskaera dago ere planaren baitan, horien artean Nafarroako Gobernuko goi karguak daudelarik, Belateko tunela bikoizteko proiektuaren kontratazio mahaiko kideak hain zuzen ere. Halaber, kausa judizialaren markoan ikerketapean dauden pertsonen agerraldia proposatzen da, hots Santos Cerdán León, Joseba Antxon Alonso Egurrola (Servinabar 2000 S.L.) eta Fernando Agustín Merino Vega (Acciona).
Geroa Baik defendatu duenez, ikerketa honek “ahalik eta zorroztasun handienarekin jardun behar du, eta “erantzukizunik aurkitzekotan, horiek ordaintzeko bere konpromisoa” azpimarratu du koalizioak. Era berean, “baliabide publikoen erabilera egokia babesteko, kontratazio publikoaren sistema sendotzea eta kontrol instituzionala burutzeko mekanismoen hobekuntza” defendatu ditu. “Gardentasuna eta kontrol demokratikoa gure ekintza politikoaren ardatz nagusiak dira”, aldarrikatu du koalizioak. “Esleipen prozesuen gaineko edozein zalantza izpi argitzeko beharrezkoa den tresna moduan ulertzen dugu batzorde hau, bai eta legezkotasun, berdintasun eta administraritza egokiaren printzipioak jarraitu direla bermatzeko ere”, nabarmendu du Geroa Baik.
Amaitzeko azpimarratu duenez, “ikerketa hau aukera handia izan daiteke Nafarroa gardenago, zuzenago eta herritarren zerbitzura dauden erakunde sendoak dituen Nafarroa baterantz aurrera egiteko”.