Geroa Baik Kirolplus txartek birtualaren funtzionamenduari buruz galdetu dio Nafarroako Gobernuari
Geroa Baik KirolPlus txartel birtuala nola garatzen ari den jakin nahi du, orain dela hilabete batzuk ezarri ondoren. Jabi Arakama Urtiaga koalizioko foru parlamentariak galdera bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, aurreko legegintzaldian martxan jarritako zerbitzu honen balorazio bat eskatuz Kirol eta Gazteria Kontseilariari.
Foru parlamentariak azaldu duenez “KirolPlus txartel birtual bat da eta udal kirol zerbitzuetara abonaturik daudenei programara atxikiturik dauden beste udalerrietako kirol instalazioetara sartzeko aukera ematen die”, eta gogorarazi du zerbitzu hori “orain dela hilabete batzuk Lizarran eta Aiegin jarri zela martxan”.
Arakamaren iritziz txartel hori “legegintzaldi honetan sendotu beharreko eta Nafarrroako beste udalerrietara hedatu beharreko tresna da, kirolaren jardutea sustatzen baitu, bai eta hurbileko udalerrien arteko sinergiak sortu ere”.
“Legegintzaldi honetarako sinatu den Programa Akordioak, herritarrak kirol instalazioetara sartzea mesedetuko duten programak edo kudeaketa ildoak sustatzeko konpromisoa jasotzen du, hitzarmen eta/edo kirol txartel bakarraren bitartez, eta KirolPlus txartel birtuala horretarako tresna egokia dela deritzogu”, amaitu du Geroa Baiko parlamentariak.