Geroa Baik Kontseiluaren manifestaldiarekin bat egin du eta euskara eta eskubide berdintasuna defendatzeko deia egin du
Larunbat honetan Iruñean Kontseiluak deituriko manifestaldiarekin bat egin du Geroa Baik eta Nafarroako herritarrak bertan parte hartzeko deia egin du, euskara eta denontzako eskubide berdintasuna defendatzeko. Koalizioaren aburuz defentsa hau inoiz baino beharrezkoagoa da gure hizkuntza propioaren etengabeko erasoen aurrean.
Koalizioak ziurtatu duenez eraso hauek areagotu egin dira gobernu aldaketa egon zenetik eta euskararen erabilera eta normalizaziorako politikak burutzen hasi zirenetik, urte luzez UPNren gobernuen aldetik abandonaturik eta diskriminaturik egon ondoren, horregatik deitoratu du azken asteotan, UPN, PSN eta PPk euskararekiko duten ohiko jarrera baztertzaileaz gain, Izquierda-Ezkerrak ere horiekin bat egitea zerrenda bakarrari agertu dion gaitzespenarekin.
Geroa Bairen iritziz, Hezkuntzako LEP zerrenda bakarraren bitartez gauzatzeko Foru Exekutiboaren proposamena, Administraritzako gainontzeko alorretan bai eta Estatuko gainontzeko komunitateetan gertatzen den moduan, eskubide eta gaitasun berdintasuna bermatzeko modu bakarra da, beste edozein interesen gainetik, bai eta hezkuntza kalitatea hobetzeko biderik onena, irakasle plazetara pertsona prestatuenak sartzen direlako.
Azkenik, koalizioak Nafarroako herritarrei deia egin die lingua navarrorum behar bezala defenda dezaten, nafar guztion aberastasuna baita, ez inor sumintzeko edo aurka egiteko tresna politiko bat, UPN, PSN eta PPk erabiltzen jarraitzen duten moduan alegia.