Geroa Baik Kontseiluaren manifestazioarekin bat egingo du Nafarroan euskararen ofizialtasunaren alde
Geroa Baik Kontseiluak datorren larunbatean deitutako manifestazioarekin bat egingo du Nafarroan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko, eta deialdia luzatzen die herritar guztiei bertan egoteko. Koalizioak herritar guztien hizkuntza eskubideak parekatzeko bere apustua berretsi du eta euskara nafar guztion ondarea dela ziurtatzen du, norberaren ideologia edo nortasuna dena delakoa ere.
Geroa Baik gogorarazi duenez, lehen Foru Parlamentu demokratikoak, 1980ko azaroaren 3ko bere saioan onartu zuen Irizpenak gaztelera eta euskara aldarrikatu zituen Nafarroako bi hizkuntza ofizial moduan eta printzipio hori Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzearen Oinarrietan jarri behar zela, bai eta Parlamentuaren eskumen osoa hura Lege baten bidez arautzeko.
Koalizioaren aburuz, egungo Euskararen Legearen aldaketak 1980an onartutako printzipio hori berreskuratu beharko luke bai eta Nafarroako errealitate soziolinguistikoari erantzuna eman ere, urteetan zehar aldatu egin baita herritaren borondatea dela eta, nahiz eta UPNren ondoz ondoko gobernuek ezarritako oztopoak egon diren.
Geroa Baik modu positiboan baloratzen ditu Nafarroako Gobernuak hizkuntza politikaren alorrean emandako pausoak, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, eta gai honetan UPN, PSN eta PP alderdien ezaugarri izan den sektarismo ideologikoa deitoratu du aldi berean, mamu identitarioak astindu eta hizkuntza batzuk besteen aurka jarri besterik egin ez baitute, Nafarroako bi hizkuntza propioen arteko bizikidetzaren alde lan egin ordez.