Geroa Baik Kontuen Auzitegia premiatu du Barcina eta Maya iker ditzan Iruñeko dieta sistemaren arduradun moduan
Iruñeko Udaleko “dieten ordainketen azken erantzuleengan”, hots Yolanda Barcina eta Enrique Maya, egon daitekeen erantzukizunak ikertzeko instruktore bat izendatzeko eskakizuna egin dugu Madrilgo Kontuen Auzitegian.
Talde politiko guztiak eta erakunde judizial ezberdinek bezala, Udaleko dietak justifikatzeko sistema defendatzen dugu, baina pauso hau eman nahi dugu ere “aldaketaren Gobernuaren aurka eta bereziki Uxue Barkos Lehendakariaren aurka egiten ari den kanpaina bidegabeari” erantzuna emateko, Itziar Gómez zinegotziaren arabera.
Eta, Auzitegiak ordainketa sistema irregularra zela esango balu, irregulartasun horren erantzukizuna “ez litzateke inondik inora dirua jaso zuten 50 zinegotzi baino gehiagorena, baizik eta sistema balioztatu eta horien ordaintzea agindu zutenen udal arduradunena, UPNko alkate izan ziren Yolanda Barcina eta Enrique Maya alegia”.
Horrela adierazi du prentsaurrekoan Geroa Baiko zinegotzi Itziar Gómezek, Koldo Martínez eta Unai Hualde parlamentariek lagunduta.
Gómezek esan duenez, bere eskaera onartu behar da, justifikazio juridikoa fidagarria baita, ez delako ulergarria auzitegiak pertsona bakarra ikertzea bozeramaile zen heinean, Uxue Barkosen kasua den moduan.
Zentzu honetan azpimarratu du Barkosi eskatzen zaizkion “oker kobratutako” 208.000 euroak “ez direla Barkosen dietak”, baizik eta Nafarroa Bai eta Nafarroa Bai 2011 udal taldeen dietak bi mandatuetan. Osotara bost zinegotzi.
Gómezek gogorarazi duenez 2013ko martxoan hasi zen orduan zinegotzi eta diputatu zen Uxue Barkosen aurkako “erasoa”, erabateko arduraldia ez zuen zinegotzi egoeran zegoenean jasotako udal dietak modu irregularrean jaso zituenaren argudioarekin.
Kasua maila judizial eta administratibo ezberdinetara arrakastarik gabe eraman da eta denboraldi honetan salaketaren argudioak gaitzetsi egin dituzte Udaleko zerbitzu juridikoek, Nafarroako Fiskaltzak, Auzitegi Gorenak, Kontuen Ganberak eta Arartekoak, gogorarazi du.
Horrekin jarraitzeko azken saiakera batean, nahiz eta “frogatua izan Madrilen egonda dietak kobratu zituenik”, gaineratu du, Justitia et Veritasek Madrilgo Kontuen Auzitegira jo zuen 2015ean, foru hauteskundeen bezperetan, Barkos Nafarroako lehendakaritzarako hautagaia zenean. Epaileak kasua onartu zuen, nahiz eta instruktorea eta fiskala erabaki horren aurkakoak izan.
Kasu honen berezitasuna, azpimarratu duenez, zera da, elkarteak Barkosengan fokatzen jarraitzen duela “salaketa eta jazarpena”, nahiz eta aurkeztutako salaketan “ez den bere jokabidea zalantzan jartzen, Iruñeko Udalean 1999tik 2013ra arte indarrean egon zen dietak justifikatzeko sistema baizik”.
Horregatik, zinegotziaren hitzetan, denbora tarte horretan dieta sistemaren baitan zeuden talde eta zinegotzi guztiei zabaldu beharko litzateke, bai eta dieta horiek balioztatu zituztenei, UPNko alkateak alegia.
Parlamentuko Geroa Baiko eledun Koldo Martínezek salatu du Uxue Barkos lehendakariaren aurkako kanpaina, “UAGN eta Ultzamako biogas plantarenak bezalako kasuak argitara irten direnean” juxtu egin dela, “kasu horien inguruan edo barnean Esparza egon delarik”, esan du UPNko presidentea dela eta.
Bere iritziz, kanpaina hori “denbora luzez prestatua izan da” eta “lehendakaria eta nafarroi hainbeste kostatu zaigun aldaketa oldartzeko saiakera” besterik ez da.
Bere iritziz, Esparzak “ez du inolako interesik fondo publikoak ongi edo gaizki kudeatzen ziren jakiteko, iskanbila besterik ez du sortu nahi bere lotsa propioak estaltzeko” eta “politikari moduan eta oposizioko buru moduan zeozer balio duela frogatzeko”.