Geroa Baik legegintzaldiaren kudeaketan jardundako ardura aldarrikatu du
Geroa Baik asanblada egin du gaur militantziarekin gaurkotasun politikoa eta parlamentukoa analizatzeko
Geroa Baik asanblada egin du gaur militantziarekin, bertan gaurkotasun politikoa eta parlamentukoa analizatu direlarik eta ia ehun pertsonak parte hartuz. Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakaria, Itziar Gomez Iruñeko Udaleko udal taldeko bozeramailea, Koldo Martínez Parlamentuko bozeramailea eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko mahaiko lehen lehendakariordea izan dira erakunde ezberdinetan legegintzaldiaren balantzea egiteko arduradunak eta urte hauetan zehar burututako lan arduratsu eta zentzuduna baloratu dute.
Geroa Bairen iritziz koalizioaren kideak arduratsu aritu dira ordezkaritza duten erakunde ezberdinetako kudeaketan, eta ziurtatu duenez “frogatu dugu, batzuen iragarpen apokaliptikoen eta besteen eskaera ezinezkoen aurrean, egonkortasun eta zentzu-on berme garela erabakiak hartzerako orduan”.
“Iraganean finkaturiko oposizio baten aurrean, Nafarroako Gobernua manipulazioaren bitartez eta positiboan egindako proposamenik gabe erasotuz, Geroa Baitik aldaketa lasaia, barea eta gaitasunez egindakoa bultzatu dugu, orain ia lau urte Nafarroako herritarrekin hartutako konpromisoa betez”, azpimarratu du.
Geroa Bairen iritziz, “legegintzaldiaren azken txanpa honetan posible da laukoaren barruan zenbait desadostasun egotea hauteskundeak gerturatu heinean, baina Geroa Baitik espero dugu denok une historikoaren mailan egitea eta herritarren interes orokorra alderdien interesen gainetik egitea”. “Horrek gure konpromisoa izaten jarraitzen du, legegintzaldiaren une ezberdinetan frogatu dugun moduan”, nabarmendu du.
Zentzu horretan, Geroa Baik bere babesa agertu du Nafarroako Gobernuak Rozalejoko Markesaren Jauregiaren inguruan hartutako erabakien aurrean, “frogatu baita Exekutiboak arduraz jokatu duela ondasun publiko bat nafar herritar guztien erabilerarako berreskuratzeko orduan”. “EH Bilduren aldetik elkarrizketarako deialdiak, okupen asanbladak Nafarroako Gobernuarekin elkarrizketa bideari eta beste eraikin batera mugitzeko aukerari uko egin ostean agerian uzten dute erakundeetan haien papera hartu ez duten alderdiak daudela oraindik, herritarren interes orokorrak babestea baita eginkizuna”, ziurtatu du.
Azkenik, Geroa Baik bere konpromisoa agertu du “datozen hilabeteetan eta datorren legegintzaldian ere aldaketa finkatzeko eta legegintzaldi honetan garapen ekonomikon eta garapen sozialean martxan jarri diren neurrietan sakontzeko”. “Lau urte hauek frogatu dute Geroa Bai izan zela aldaketaren amalgama, eta azken hilabeteek frogatzen ari dute Geroa Bai dela aldaketaren bermea. Baturik gaude, helburuak argi ditugu eta badakigu zeintzuk diren erabili beharreko bideak. Frogatu dugu eta horrela jarraituko dugu egiten. Ezerek ez eta inork ez gaitu nahasiko”, amaitu du.