Geroa Baik Madrilen Nafarroaren ahots plural eta aurrerakoia izateko apustua egin du
María Solana eta Esther Cremaes Geroa Bairen Kongresurako eta Senaturako hautagaiek haien tokiko ordezkarien lankidetza eskatu dute larunbat honetan Madrilen Nafarroaren ahots “aurrerakoia, plurala, euskalduna eta euskaltzalea, feminista, solidarioa eta egia, justizia eta erreparazioa eskatuko dituena” lortzeko.
Horrela adierazi du Solanak alderdiko hautetsiekin egindako bilera baten hasierako hitzaldian, Gorte Nagusietan eserleku bat lortzea “beharrezkoa” dela planteatuz, “politika egiteko modu baliagarria, begirunetsua, arduratsua, interes orokorra gailenduko duena eta herritarren arazoei konponbideak bilatuko dizkiena” bertan erakusteko.
Bere iritziz gaur egun ez da hori gertatzen Madrilen dauden UPNko ordezkari nafarrekin, horregatik haien laguntza eskatu du Nafarroako udalerrietan erakuts dezaten Geroa Baik “beharrezkoak diren konponbideak, nahiak eta aldarrikapen historikoak bilatzeko” interesa duela.
Adibide moduan, 2012tik hona indarrean dagoen Aurrekontuen Egonkortasunerako Legea bertan behera uztearen alde egin du, “udalerrien autonomiari eraso zuzena baita”, bai eta LOMCE legea eta ‘mozal legea’ bertan behera uzteko ere, hori guztia “politikaren, konponbideen eta akordioen garai” berri batean, azpimarratu du Solanak.
Era berean, arratsaldean bi guardia zibil eta haien bikoteak erasotzeagatik espetxeratutako gazteen aldeko elkarretaratzea egingo den jardunaldi berean, Kongresurako hautagaiak Geroa Bairen babesa agertu dio zigorren “justizia” eta “proportzionaltasun” aldarrikapenari, azpimarratuz “horrela gauzetarako Madrilen egotea garrantzitsua dela”.
Bere aldetik, Esther Cremaes Senaturako koalizioaren hautagaiak Madrilen ordezkaritza lehiatzeko bere “gogo, ilusio eta berotasuna” agertu ditu, “politika mailan hain berezia den une honetan, ziurgabetasun handiarekin, inoiz baino beharrezkoagoa izango baita politikagintza zuzena jardutea, Geroa Baik beti defendatu duguna, elkarrizketan, negoziazioan eta akordioan oinarrituz”.
“Negoziaketarako tartea murritza izango da eta eserleku baten garrantzia handia izango da”, ohartarazi du Cremaesek, “Nafarroak defendatua izatea merezi duela” azpimarratuz, une hauetan alderdi kontserbadoreek “begirunerik gabe erabiltzen baitute, truke txanpon moduan, politika aurrerakoien aurka egiteko argudio moduan, eta terrorismoaren mantra berriro ere ateraz”.
Horregatik, eta bere iritziz askoz ere larriagoak diren beste arazo ekonomiko eta politikoen aurrean, eskuinak Nafarroa “herritarren kezka handiak estaltzeko kezko gortina” moduan erabiltzen dute.
“Senatutik autogobernua defendatuko dugu” Ciudadanosetik datozen “eraso horien aurrean”, adierazi du Senaturako Navarra Sumaren hautagaiari erreferentzia eginez, “gure foru eskubideek duten esanahiaren aurka dagoen alderdikoa baita, horik pribilegiotzat joz, ezberdintasuna besterik ez dela dakigun bitartean”.
Konstituzioaren 155 artikulua berriro ere Katalunian erabiltzeko bere “kezka” agertu du ere, “hori gaizki erabilita beste autonomietan moduren batean esku hartzeko erabili baitaiteke ere”, azpimarratu du, ohartaraziz estatu mailako politikan korronte “birzentralizatzailea” nabari dela eta horren aurrean Geroa Baitik “zaindari eta prest egon beharra dugu, Nafarroa plurala,feminista eta Estatuarekin solidarioa defendatuz”.