Geroa Baik Mendigorrian D Ereduaren eskaeraz arduratzera premiatu du Hezkuntza Departamentua
Hezkuntza bozeramailearen aburuz “Euskararen Legeak zilegi den eskaera babesten du eta Programa Akordioak hezkuntzan euskararen sustapena eta landa eskola sendotzea behartzen ditu”
Julián María Espinal Olcoz Ikastetxe Publikoan D Ereduko unitate bat irekitzeko Mendigorriako hainbat familiek Hezkuntza Departamentuari egindako eskaeraren alde dago Geroa Bai.
“2015etik, Nafarroako Parlamentuaren gehiengoarekin onartutako aldaketarekin bat, euskararen zonifikazioa gainditu egin zen hezkuntza eskaintzari zegokionez. Herritar orori aitortzen zaio nafar geografiako edozein tokitan D Ereduko plaza bat eskatzeko eskubidea”, azpimarratu du María Solana Arana Geroa Baiko Hezkuntza bozeramaileak.
Legea marko moduan hartuta, Solanak gogorarazi du “gaztelerak eskaerari arreta emateko gutxiengorik ez duen bitartean, euskarazko ereduak badu, eredu horretarako balizko eskaera berria ordenatzeko helburua zuen 2016ko Foru Aginduari helduz”. “Foru agindu honetan, arau orotan bezala, bere salbuespenak agertzen dira, eta landa eskolaren ratioak murriztea, beste modu batean izan ez zitekeenez, horietako bat da; Hezkuntza Itunean eta bertatik eratortzen diren neurrietan jasotzen den moduan”, nabarmendu du.
Halaber, Geroa Baiko parlamentari eta Hezkuntza bozeramaileak ohartarazi duenez “berriki eguneratu den Eskola Mapak ez du inolaz ere ez Komunitate honetan aitorturik dauden edozein eredutan unitate berriak irekitzea galarazten”. “2017an Departamentuak berak D Eredua ezartzeko aurreikusten zituen erreferentziazko 14 zentroetako bat da hau gainera”, gaineratu du Solanak.
Era berean, Solanak nabarmendu duenez Programa Akordioak “euskararen hezkuntza eskaintzaren garapen mailakatu eta etengabekoa emateko konpromiso argia agertzen du (35 puntua); zentroek hizkuntza eredu ezberdinak integratzeko apustua (32 puntua); Landa Eskolari bultzada tinkoa (21 puntua) eta hurbiltasunezko eskola publikoa (6 eta 13 puntuak), besteak beste”.
“Horregatik guztiagatik, Mendigorrian D eredua irekitzea beste erabakirik ezin genezake ulertu”, amaitu du Geroa Baiko parlamentariak.
María Solana