Geroa Baik milioi erdi euro baino gehiago inbertsioak bultzatu ditu Lizarraldearentzako 2021 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan
Geroa Baik 2021 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei zuzenketa partzialak aurkeztu dizkio Lizarraldeko udalerri ugaritan proiektu eta hobekuntza ezberdinetarako, eskualde horretan milioi erdi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarriz.
Udal ekintzaren bitartez Nafarroako lurralde osoaren garapen jasangarriaren aldeko apustu argia eginez, Geroa Baik eskualdeko udalekin egindako lana Nafarroako aurrekontu orokorretara ekarri du.
Koalizioak nabarmendu duenez, udalen proposamenak entzutea lehentasun politiko bat da, herritarren oinarrizko beharrizanak, haien eskariak eta apustuak lehen eskutik ezagutzen dituzten erakundeak baitira, eskualde ezberdinetako harreman sozialetan funtsezko aktore izateaz gain.
Horrela, 80.000 euro bideratuko dira Lizarrako enpresa mintegia handitzeko, ekintzaileen sustapenerako eta eskualdean kalitatezko enplegua sortzeko proiektu gakoa, eta proiektu kulturalak bultzatzen dira, hala nola 45.000 euroko inbertsioa Irurren Henri Lenaerts museoan erabilera anitzeko toki estali baten eraikuntza osatzeko, Gesalatz Ibarraren bihotzean.
Ingurumenaren esparruan, 40.000 euro bideratuko dira Bakedanoko Kontzejuak Urederrako iturburuaren ingurua egokitzeko, PSN eta Podemos parlamentu taldeekin batera egindako proposamen batean.
Hezkuntza proiektuetan ere aurrekontu ekarpen garrantzitsuak egongo dira koalizioak proposaturik. Barkosen Gobernuaren aurreko legegintzaldian Abartzuzako ikastetxe publiko berria eraiki ondoren, 40.000 euro bideratuko dira bertara iristeko errepidea egokitzeko. Los Arcosen 12.000 euro erabiliko dira ere eskualde osoko ikasleak hartzen dituen Ikastetxe Publikoko patioaren zaharberritze proiektuaren idazketarako.
Alor sozialeko proiektuetan, Geroa Baik gainera 150.000 euroko partida bat sartu du Lodosako adinekoen egoitzan irisgarritasuna hobetzeko eta zaharberritze lanak burutzeko, egoitzak 80 egoiliarrentzako edukiera duelarik eta bertan eguneko zentro bat dagoelarik ere. 61.000 euro bideratuko dira ere Azuelon erabilera anitzeko lokal sozial bat egokitzeko, udalerriaren behar eta eskariei erantzuna emateko helburuarekin.
Kirol azpiegituretarako ekarpenak egongo dira ere, hala nola Iguzkizako kirol instalazioen sarbide eta inguruak hobetzeko, 40.000 eurorekin, Jurramendi eskualdeko hainbat udalerrik aprobetxatuz instalazio horiek.
Vianari dagokionez, Geroa Baik 20.000 euroko zuzenketa bat proposatu du udalerriko futbol zelaiko belardi artifizialaren ureztatze sistema hobetzeko, bai eta 160.000 euroko beste zuzenketa bat, PSNrekin batera aurkeztua, Navarro Villoslada kalea egokitzeko.
Azkenik, eskualdean aurrekontuak hobetzeko Geroa Baik aurkeztutako zuzenketak oinarrizko zerbitzuetara bideratuko dira, hots kaleen zoladurarako, 30.000 euro erabiliz Mueseko Virgen de la Cuesta kaleko lanetan.
Zuzenketa hauekin, Nafarroako Gobernuaren eta Lizarraldeko udal eta herri ezberdinen artean 2019an hasitako lanari jarraitutasuna ematen zaio, Geroa Baik legegintzaldian zehar lan horretan sakontzen jarraitzeko asmoa duelarik.