Itzuli

Geroa Baik modu positiboan baloratu du 2026 Zerga Neurrien Foru Legean lortutako akordioa

PFEZri dagozkion neurrien garrantzia azpimarratu du koalizioak, errenta ertain eta txikien gaineko zergen zama arintzea ahalbidetuko baitu, hauek baitira interes tipoen gorakadaren eta inflazioaren ondorioak gehien pairatu dituztenak

    Nafarroako Gobernua sostengatzen duten formakuntzek - Geroa Bai, PSN eta Contigo-Zurekin – eta EH Bilduk lortutako akordioarekin pozik azaldu da Geroa Bai, 2026an indarrean jarriko den Zerga Neurrien Foru Legea onartzea ahalbidetu baita. Arau hau, negoziazio eta elkarrizketa prozesu sutsu baten emaitza izan dena, fiskalitate zuzenago, progresiboago eta ongizate soziala sendotzera bideratua lortzeko pauso erabakigarria izango da.

    Arreta errenta ertain eta txikietan eta autonomoen sektorean jartzeko, koalizioak hilabetetan zehar mahaigaineratu duen konpromisoa bete izanaren garrantzia azpimarratu du Geroa Baik, errenta mota horiek baitira interes tipoen gorakada eta azken urteetako inflazioa modu latzenean pairatu dutenak.

    Haien erosahalmena urriturik ikusi dutenei haien esfortzua aitortzeko unea dela defendatu du Geroa Baik, errenta hauen egoera berezia nolakoa izan den ikusirik eta gaur egungo testuinguru ekonomiko-finantzarioak, hein batean gutxienez, hori egitea ahalbidetzen duela aprobetxatuz.

    Zentzu honetan, zerga politika bizia defendatzen du Geroa Baik, eszenatoki ekonomiko ezberdinetara egokitzeko gai dena. Eta horregatik, koalizioaren aburuz neurri hau ez da amaiera-puntua, etorkizunera begira lantzen jarraitu beharreko bidean pauso bat gehiago baizik, errenta ertain eta txikien zama arintzen jarraitzeko, zerga sistema orekatuago eta jasangarriago bat finkatuz eta Nafarroako errealitate ekonomikoari erantzungo diona.

    Halaber, akordio fiskalaren beste neurrien garrantzia azpimarratu du ere koalizioak, gutxieneko pentsioen babesa sendotzeko zerga-osagarriak proposatuz, garraio sektoreari bideraturiko neurriak, bai eta Sozietateen Zergaren aldaketa, enpresa handiek modu bidezkoago batean ordain dezaten eta inbertsio arduratsua eta lehiakortasuna sustatuko duen lehia-fiskal bat bermatzeko.

    Geroa Baik akordio honen garrantzia nabarmendu du, aberastasuna birbanatzeko tresna gako moduan aitortzen baitu fiskalitatea, bai eta aukerak sortzeko eta Nafarroarentzako eredu ekonomiko jasangarri eta zuzen bat finkatzeko tresna moduan ere. Gainera, hobekuntza hauek foru erregimen propio bati esker direla posible gogorarazi du, Nafarroak bere zerga politikaren gainean erabakitzeko gaitasuna baitu. Autogobernu fiskal hau, koalizioaren arabera, erantzukizunez, zorroztasunez eta etorkizun ikuspegiz jardun beharra dago, Foru Komunitateak bere gaitasun araugilea modu arduratsu eta solidarioan jarduten dakiela frogatuz.

    Era berean, Foru Legearen parlamentuko tramitean zehar, akordioa izenpetu duten taldeekin lanean jarraitzeko bere konpromisoa berretsi du Geroa Baik, lege testuari balizko hobekuntzak egiteko helburuarekin, fiskalitate berdeari dagozkionak adibidez.

    Azkenik, akordio politiko berri honek elkarrizketa eta adostasunaren izpiritua bizirik mantentzen duela balioetsi du koalizioak, horrek egonkortasun ekonomikoa eta politikoa eskaini baitio Nafarroari azken hamarkadan zehar. Geroa Bairen iritziz beharrezkoa da pertsonak erdian jarriko dituen zerga sistema bat ehuntzen jarraitzea, zerbitzu publikoak sendotuz eta Nafarroa parekideago baten alde eginez, garapen ekonomikoa eta justizia soziala beti eskutik izango dituena.

    Izena eman gure buletina jasotzeko