Itzuli

Geroa Baik modu positiboan baloratzen du Aurrekontu Proiektuaren onarpena, akordio plural eta arduratsu baten fruitu izan dena

Geroa Bai, PSN, Contigo-Zirekin eta EH Bildu taldeen artean lortutako akordioari esker Nafarroak, hamaikagarren urtez jarraian, aurrekontu aurrerakoiak edukiko ditu, garaiz eta modu egokian onartuak

    Pablo Azcona Pablo Azcona

    Geroa Baik modu positiboan baloratu du 2026 urterako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektuaren onarpena, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten hiru formakuntzen artean, GEROA BAI, PSN eta Contigo-Zurekin alegia, eta EH Bildu formakuntzarekin egondako prozesu negoziatzaileari esker lortu den akordioa.

    Koalizioak nabarmendu duenez, “akordio hau erantzukizun politikoaren froga da, horrela Nafarroak, hamaikagarren urtez jarraian, aurrekontuak edukitzea ahalbidetuz, hauek begirada aurrerakoi eta plural nabaria edukiko dutelarik eta garaiz eta modu egokian onartuz gainera”. “Jarraitasun honek egonkortasun ekonomiko eta politikoa ematen dio gure komunitateari, beste esparru politikoetan aurki ditzakegun beste eszenatokietatik aldenduz, gure eredua kohesio sozialarena, garapen jasangarriarena eta herritarren ongizatearena izanik”, azpimarratu du Geroa Baik.

    Halaber, koalizioak adierazi duenez, “Geroa Baik negoziaketara eraman zituen lau konpromisoak jasotzen ditu aurrekontuen proiektuak”, horien artean Faltzesen D ereduaren ezarpena bermatzea nabarmenduz, “horretarako eskola mapa aldatzeko konpromisoa hartu zelarik, bai eta espazio eta azpiegiturak egokitzeko konpromisoa ere”. “D ereduaren ezarpenarekin konpromiso hau, zuzenketen tramitean mantenduko du Geroa Baik, partida honi diru kopuru nahikoa bideratuz, datorren ikasturtean errealitate bihurtu ahal izateko”, iragarri du koalizioak.

    Geroa Bairen aburuz “azken asteotan lau formakuntzen artean egon den negoziazioak, anbizio handiko aurrekontu proiektua ekarri du, izaera sozial nabarmena duena eta zerbitzu publikoak sendotzen dituena”. Industria alorrean egin beharreko inbertsioarekin konpromiso garrantzitsua azpimarratu du koalizioak, sektoreak aurre egin beharreko erronka garrantzitsuei heltzeko, bai eta euskara alorrean, etxebizitzan edo klima aldaketaren aurkako borrokan aurreikus daitezkeen aurrerapauso nabarmenak ere”. Halaber, “Osasungintzaren esparruan bultzada dakarte aurrekontuek, osasun sistema publikoaren kalitatea hobetzeko apustu tinkoa eginez, bai eta profesionalen egoera sendotuz eta gaur egungo beharrizanetara egokitutako azpiegituren aldeko apustua eginez”, ziurtatu du Geroa Baik.

    Koalizioaren arabera, “etorkizunera begiratzen duten aurrekontuei buruz ari gara, justizia soziala eta garapen ekonomikoaren aldeko apustu tinkoa uztartuz, eta Nafarroako herritarren benetako beharrizanei erantzuten dietenak”. Geroa Baik adierazi duenez, “negoziazio honi esker, aurrekontuak orekatuagoak, jasangarriagoak eta lurraldearekin konprometituagoak izatea lortu da”.

    “Proiektu honen onarpenak, egonkortasunaren, elkarrizketaren eta indar politiko ezberdinen arteko lankidetzaren bidea sendotzen du, eta gure nortasunaren ezaugarri honek ahalbidetu du Nafarroak, hamarkada batetan zehar, kudeaketa arduratsu eta aurrerakoi bat eduki izana”, gaineratu du koalizioak. Gainera, Geroa Baik iragarri duenez, “aurrekontu proiektuaren parlamentuko tramitazioan lan egiten jarraituko dugu, zuzenketen bitartez horiek hobetzeko helburuarekin, eta lurralde kohesio eta orekaren ikuspuntua emanez gainera”.

    Azkenik, “kontu hauek akordio fiskal batekin loturik etortzearen garrantzia” azpimarratu du Geroa Baik, “anbizio handiko zerga erreforma bat burutzea ahalbidetu baita, errenta txiki eta ertainen eta autonomoen esfortzua arintzera bideratuak”, amaitu du adieraziz koalizioak.

    Izena eman gure buletina jasotzeko