Geroa Baik Nafarroaren autogobernua sendotzeko deia egin du Foruaren Hobekuntzaren 40 urteurrenaren aurrean
Koalizioak bere kezka agertu du Gobernu zentralak Auzitegi Konstituzionalean jarritako azken helegiteak eta zerga berrien aurrean egon daitekeen eskumen gatazka direla eta
LORAFNA edo Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari Buruzko Lege Organikoaren 40 urteurrenaren aurrean, Geroa Baik “Nafarroaren autogobernua egungo errealitatetik sendotzeko” deia egiten du. Koalizioaren aburuz, “Foruaren Hobekuntza oso positiboa izan da Nafarroarentzako, gure Komunitateko bizikidetza markoa baita”, baina aldi berean azpimarratu duenez “eguneratzea behar du, azken 40 urteetako eraldaketa sozial eta ekonomikoak handiak izan baitira”.
Halaber, Geroa Baik premiazkoa deritzo “LORAFNAn ezartzen diren eskumenen garapen osoa lortzeko beharrezkoak diren neurri guztiak bultzatzea”, eta “transferitu gabeko eskumenen geureganatzea” eskatu du. Koalizioak salatu duenez, “Estatuaren aldetik denbora luzez ez da Foruaren Hobekuntza bete, 1982an Nafarroarenak propio moduan ezarritako eskumenak ez baitira transferitu”. Zentzu honetan, Trafiko eta Bide Segurtasunaren eskumena esklusiban jarduteko transferentzia, atzerapen gehiagorik gabe egin dadila eskatu du.
Bestalde, Geroa Baik kezkaz jaso ditu Sánchezen Gobernuak azken asteotan egindako azken mugimenduetako batzuk. Horrela, Estatuak Kontratu Publikoen Foru Legeari Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitea gaitzetsi du Geroa Baik, bai eta Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Foru Legean ireki den eskumen gatazka ere, honako hau Foru Ganberak aho batez onartutako lege aitzindaria izanik gainera. Hau dela eta, Nafarroako Parlamentuak emandako legeei jarritako konstituzio-kontrakotasun helegiteak erretira daitezen eskatu du Geroa Baik, “Foru Ganberaren gaitasun legegilea mugatzen saiatzen diren heinean, gure autogobernuaren aurkako erasoak direlako”.
Era berean, Geroa Baik ohartarazi du “Gobernu zentralak iragarritako zerga berriek, bankari eta energia enpresei dagozkionak, Foru Ogasunarekin eskumen gatazka arriskutsu bat ekar dezaketela”. Koalizioak beharrezkoa deritzo zerga hauek Foru Ogasunak kudeatzeko gaitasuna aitortu dadin, “hori ez egiteak Hitzarmen Ekonomikoa nahita alde batera uztea eta indarrean dago lege markoa ez errespetatzea esan nahi baitu”. Halaber, Nafarroako Gobernuari deia egin dio “bere eskumen esparrua sendotasunez defendatu dezan, foru autogobernuaren eskubideen berme hoberena izateko betebeharra baitu”.