Geroa Baik pentsio sistema publikoaren defentsa aldarrikatu du eta menpekotasunerako finantzaketa gehiago eskatu dio Estatuari
Pentsioen erosahalmena mantentzea defendatu du, bai eta Gizarte Segurantzaren kudeaketa Nafarroari eskualdatzea, menpekotasunerako finantzaketa gehiago Estatuaren aldetik eta ordainketa partekatua gutxinaka murriztea
Pentsio sistema publikoaren defentsarekin bere konpromisoa berretsi du gaur Geroa Baik, eta menpekotasunaren finantzaketa eta menpekotasunaren arretarako zerbitzuak sendotzeko beharra dagoela adierazi du. Horrela defendatu du Pablo Azcona Diputatuen Kongresurako hautagaiak eta Mayte Espinosa Senaturako hautagaiak, datorren azaroaren 29ko hauteskunde orokorrei begira koalizioak alor honetan dituen proposamen nagusiak aurkezteko egin duten prentsaurrekoan.
Modu honetan, eskuinaren eta ultraeskuinaren politikek pentsio sistema publikoari dakarzkion mehatxuei buruz ohartarazi du Azconak, horregatik berretsi du Geroa Baitik “ezbairik gabe” defendatuko dutela pentsio sistema publikoa, “ongi finkatua dagoen oinarrizko eskubidea baita”.
Zentzu honetan, Geroa Bairen hautagaiak pentsioen erosahalmena bermatzearen beharra defendatu du eta horiek aldizka birbaloratu daitezen ere, kontuan izanik bizi kostuaren garestitzeak eta etxebizitza lortzeko zailtasunek markaturiko testuinguru batean gaudela. “Murrizketak egitetik urrun, edozein egoeratan pentsioen nahikotasuna defendatzen dugu”, azpimarratu du.
Horrela, Geroa Baik bultzaturiko ekimen batzuk gogorarazi ditu Azconak, hala nola “erretiro aurreratua dutenek 40 urtez edo gehiagoz kotizatu ondoren, ez dezatela penalizaziorik eduki edo ez zaiela koefiziente murriztailerik ezarri”. Halaber, alarguntasun pentsioak jasotzen dutenentzako Nafarroan ezartzen den osagarriak duen garrantzia azpimarratu du ere, kasu gehienetan emakumezkoak izanik osagarri honen onuradun, bai eta diru-sarrera txikiak dituzten jubilatuak ere. “Jubilatuek gutxieneko diru-sarrera duinak eduki behar dituzte”, azpimarratu du.
Era berean, Gizarte Segurantzaren kudeaketa Nafarroari eskualdatzea koalizioaren lehentasun moduan kokatu du Azconak, autogobernua nafar herritarren ongizatea bermatzeko funtsezko tresna moduan aldarrikatuz.
MENPEKOTASUNAREKIN ETA ORDAINKETA PARTEKATURAKO ESTATUAREN FINANTZAKETA GEHIAGO
Bere aldetik, Mayte Espinosa Senaturako Geroa Bairen hautagaiak populazioaren zahartzeak dakartzan erronkak nabarmendu nahi izan ditu, hala nola menpekotasunaren arreta bermatzearen beharra eta adinekoentzako, menpekoentzako eta desgaitasuna dutenentzako zaintza duinak eta kalitatezkoak bermatzearen garrantzia ere.
Sistemaren finantzaketa azpimarratu nahi izan du bereziki Espinosak, Estatua premiatuz menpekotasunaren arretarako aurrekontu osoaren %50 ordaintzeko konpromisoa bete dezan, gaur egungo finantzaketa %19an baitago. “Zerbitzu guztien finantzaketa da pertsonek zaintzak jasotzeko eskubidea noraino baloratzen den jakiteko neurria”, adierazi du.
Halaber, menpekotasunaren arretarako zerbitzuetan ordainketa partekatua gutxinaka kentzea edo, gutxienez, ahal den guztia murrizteko beharra defendatu du Espinosak, gai honi, azpimarratu duenez, Estatuko erreforman ez zaiolarik heldu. “Ezin ahaztu daitekeen gaia da hau”, ohartarazi du,.
Zentzu honetan, ordainketa partekatuaren sistemak erabiltzaileen ahalmen ekonomikoa kontuan hartzearen alde agertu da Espinosa, haien menpekotasun mailari bakarrik erreparatu ordez. “Ahalik eta gehien murriztu beharra dago eta ordainketa partekatuko sistema berri bat artikulatu ere, pertsona bakoitzaren menpekotasun mailan ardaztu ordez, bere ahalmen ekonomikoan eginez”, defendatu du.
Nafarroari begira, Senaturako Geroa Bairen hautagaiak Menpekotasunaren Arretarako Foru Lege bat lantzeko beharra defendatu du, horrela zerbitzuak eta prestazioak Foru Komunitatearen beharretara egokitzeko, balorazio epeak murrizteko, itxarote zerrendak deuseztatzeko eta arreta pertsonalizatuago baterantz aurrera egiteko. “Nafarroan pertsona bakoitzak nahi duen tokian eta nahi duen moduan zaintzak jaso ahal izatea da gure helburua”, nabarmendu du.
Azkenik, zerbitzu publikoen sendotzearekin eta kalitatezko zaintza duinak bermatuko dituen arreta eredu batekin Geroa Baik duen konpromisoa berretsi du Espinosak, bai eta alor honetan lan egiten duten profesionalentzako lan baldintza egokiak aldarrikatu du.
Pablo Azcona