Itzuli

Geroa Baik Sánchezek autogobernua erasotzen duela eta klima aldaketaren aurkako neurriekin sentikortasunik ez duela salatu du

Koldo Martínez Koldo Martínez

Pedro Sánchezen Gobernuak Hondakinen eta bere Zergen Foru Legeari Auzitegi Konstituzionalean helegitea jarri izana autogobernuaren aurkako erasoa dela salatu du Geroa Baik. Koldo Martínez Geroa Bairen parlamentuko eledunaren aburuz, “helegite horrek frogatzen du PSOEren Gobernuak PPren Gobernuak bezain errespetu gutxi duela autogobernuarekiko, eta Rajoyren Gobernuak klima aldaketaren aurkako borrokarako neurri eraginkorrekiko sentikortasun falta berbera ere”.

“PSOEren Gobernuak frogatzen jarraitzen du hitz polit eta makillaje askoko exekutiboa izaten ari dela, ez duela herritarren ongizatearen onurarako diren neurri sozialetan aurrerapausorik eman, ez eta Nafarroako autogobernua errespetatzen duten neurrietan ere”, azpimarratu du Martínezek.

Geroa Baiko parlamentuko eledunaren arabera, “tamalgarria da PSOEren Gobernuak Nafarroako lege bati helegitea jarri izana, gure autogobernuarentzako erasoa baita, baina are tamalgarriagoa da klima aldaketaren aurkako borrokari dagokionez Estatuko lege aitzindari eta aurreratuenarekin egitea”.

“Helegitea jartzeko eguna gainera, klima aldaketaren aurka erakunde eta alderdi politiko ezberdinei neurri erreal eta eraginkorrak eskatzeko milaka pertsona, gehien bat ikasleak, mobilizatu diren eguna da. Horientzako guztientzako errespetu falta da aurrerakoia eta ezkertiarra dela dioen Gobernu batek neurri erreal eta eraginkorrak dituen lege bati helegitea jartzea”, nabarmendu du Martínezek.

Geroa Bairen parlamentuko bozeramailearen iritziz “ulertezina da ustez aurrerakoia den Gobernu sozialista batek, alor honetan bizi dugun unearekin hobea eta egokiagoa den araudi bat mugatzen saiatzea, foru legearekin ustez kontraesanean dauden Estatuko araudiko atalak egokitzen saiatzea baino”.

“Hondakinen foru legea Uxue Barkosen Gobernuaren zedarri garrantzitsuenetako bat da, eta Greenpeace bezalako erakundeek txalotu dute. Hondakinen sorkuntzaren prebentziorako beharra, haien kudeaketa hobetzea, ekonomia zirkularrean sakontzea eta klima aldaketaren aurkako borrokan sakontzea dira bere ardatz nagusiak. Lotsagarria da sozialista dela dioen Gobernu bat alor honetan ildo honi ekitearen aurka egotea”, amaitu du Geroa Baiko parlamentuko bozeramaileak.

Izena eman gure buletina jasotzeko