Geroa Baik "sendotasunez eta ausardiaz" defendatuko ditu Nafarroaren interesak Hitzarmenaren negoziaketan
Geroa Baik Estatuarekin Hitzarmen Ekonomikoaren negoziaketan Nafarroaren interesak “sendotasunez eta ausardiaz” defendatzeko konpromisoa hartu du gaur. Horrela adierazi dute Uxue Barkos eta Unai Hualdek Geroa Bairen Kontseilu Nagusian, koalizioaren organo gorena alegia, bertan herriguneetako (tokiko erakundeak) egon direlarik, bai eta Nafarroako erakunde ezberdinetako hautetsiak ere.
Unai Hualde parlamentariak 2016 urtearen balantzea egin du bai eta 2017ko erronkak zeintzuk izango diren aurreratu ere, eta “Programa Akordioaren eta Gobernua sostengatzen dugun lau indarren arteko harremanen sendotzea eta finkatzea” baloratu du, “legegintzaldiko bigarren aurrekontuen onarpenarekin, hainbat urtez luzatuta egon ondoren”.
Hualde ere kritiko azaldu da Parlamentuan oposizioko taldeek egiten ari duten lanarekin, zehazki UPN eta PP, “nortasun obsesioekin eta era demagogoan baitaude, zehaztasunik gabe”. “PSN zorrotzagoa izaten saiatzen da, baina azkenean aitzakiak erabiltzen ditu oposizioko hirukoan kiokaturik jarraitzeko”, ziurtatu du.
Bere aldetik, Uxue Barkosek ziurtatu duenez 2017 urte hasiera Nafarroako Gobernuaren eta Estatuko Gobernuaren arteko harremanek markatuko dute, bereziki Hitzarmen Ekonomikoaren negoziaketan. “Gure posizioak sendotasunez eta ausardiaz defendatuko ditugu. Aldaketa ere honetan nabarituko da”, azpimarratu du.
Barkosek gainera kritikatu du UPN, PSN eta PPNk foru Exekutiboa kritikatzea Hitzarmenaren inguruan aldebakartasunez jokatzeagatik, eta galdegin du indar hauek nafar guztien interesak benetan defendatzen ote dituzten: “Zein posiziotan kokatzen dira indar hauek?”.