Geroa Baik sexu eta genero nortasun guztientzako eskubide berdintasuna aldarrikatu du
LGTBI-fobiaren aurkako egunean, Geroa Baik sexu eta genero nortasun guztientzako eskubide berdintasuna aldarrikatu du bai eta bere poza agertu Nafarroako Gobernuak ematen ari dituen pausoen aurrean, hala nola kolektibo horiek laguntzeko administraritza unitatearen sortzea Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NBI-INAI) organigramaren baitan.
“Emandako pausoarekin harro gaude, errespetua eta berdintasuna bultzatzen duten politika publikoak egotearekin harro eta genero zein sexu bazterkeriaren aurka administraritzatik borrokatzen delako”, azpimarratu du koalizioak.
Geroa Bairen iritziz, foru Exekutiboak lehen aldiz erabaki du NBIn sarturiko negoziatu bat sortzea sexu eta genero aniztasuna agenda politikora helarazteko helburuarekin, bai eta berdintasun politikak koordinatzeko eta sendotzeko, “LGTBI pertsonen bazterkeriaren aurka borrokatzeko pausoa alegia”.
Halaber, koalizioak modu positiboan baloratu du Kattalingorri erakundearekin hitzarmenari jarraitasuna ematea, eta deitoratu du gaur egun oraindik ere elkarte horrek 511 arretaldi egin behar izatea sexu bazterkeria direla eta, bai eta gorroto delituak medio beste bost salaketa ere, “2017an zeharo ulergaitza dena”.
Azkenik, Geroa Baik PPren Gobernuari egotzi dio bere Familia Laguntzeko Planek “inoiz ez dutela zeharkako familia politikarik planteatzen, familia aniztasunari familia tradizionalarekin berdintasun planoan trataera emanez”, eta PPri eskatu dio norabide honetan pausoak eman ditzan, “Nafarroan jada gertatzen ari dena alegia”.