Geroa Baik Tuterako sarbideetan indarkeria matxistaren aurkako seinaleak jartzea proposatu du
Tuterako Geroa Baiko tokiko taldeak hiriko sarbideetan indarkeria matxistaren aurkako seinaleak jartzea proposatu dio Udalari, Tuterako gizarteak emakumeekiko indarkeriaren aurkako borrokan kontzientzia har dezan bai eta gaitz hau deuseztatzeko lan egiteko beharra ikusarazteko.
Tuterako Geroa Baik hiriko Udalari igorritako eskabide baten bidez aurkeztu zuen ekimen hau eta Gizarte Ongizate, Emakume eta Berdintasunerako zinegotzi delegatuak erantzuna eman dio jada. Proposamena Berdintasunaren aldeko Kontseiluan eztabaidatuko da aurki, Udala bertako kide baita.
Koalizioaren tokiko erakundeak bere gaitzespena agertu du indarkeria matxistaren aurrean, gizon eta emakumeen artean dagoen ezberdintasun estrukturalaren adierazpena baita. Gainera sufritu duten eta oraindik ere sufritzen duten emakumeei bere elkartasuna helarazi die eta gizartetik edozein jarrera sexista desagerrarazteko lan egiteko konpromisoa agertu du.
“Erakunde publikoen eginkizuna da indarkeria matxistaren kontzientziazioan eta ikusaraztean lan egitea, baina denok egin behar dugu lan modu aktiboan gaitz honen aurka, gizarte osoaren borrokak bakarrik lortuko baitu emakumeekiko indarkeriarekin amaitzea”, ziurtatu du Tuterako Geroa Baik.