Itzuli

Geroa Baik UPN salatu du Ciudadanosekin bat egiteagatik Nafarroako eskumenak erasotzeko

Koldo Martínez Koldo Martínez

Geroa Baik UPN salatu du Ciudadanosekin bat egiteagatik Diputatuen Kongresuan Hezkuntza arloko eskumenak erasotzen dituen mozio baten alde agertzeagatik. Koldo Martínez koalizioko parlamentuko eledunaren arabera, “tamalgarria da UPNk proposamen birzentralizatzaile batekin bat egitea eta, hortaz, Nafarroaren eskumenak eta autogobernua erasotzea”.

“Lotsagarria da Nafarroako interesak defendatzen dituela dioen alderdi batek gure eskumenen aurkako erasoekin bat egitea. Atzo UPN PP baino haratago joan zen, Foruaren Hobekuntzaren aurka espresuki jarri den alderdi batekin batera. Noraino iristeko izango da gai UPN?”, azpimarratu du Martínezek.

Geroa Baiko parlamentuko eledunaren aburuz, “atzokoa bezalako jokabideek alderdi horren benetako asmoak argitzen ditu, jada ez baitoa Madrilera Nafarroa defendatzera, baizik eta gure lurraldearen etorkizunerako edozein proiektu oztopatzera”. “UPNk berriro ere frogatu du Nafarroarentzako ez duela proiekturik, ez gaurko ez eta etorkizunerako ere; bere autogobernuaren sendotasunean finko dagoen Nafarroa bat alegia”, gaineratu du.

Martínez, gainera, esan du Carlos Salvador diputatuak mozio honen defentsan D ereduko irakasleen aurka egindako salaketak “oso larriak” direla. “UPNk euskarazko hezkuntza kriminalizatu du berriro ere, milaka familiek horren alde askatasunez egin arren, eredu publiko honen irakasleen artean mundu abertzale erradikala sartu dela esan baitu”, ziurtatu du.

“Arduragabea eta lotsagarria da UPNk horrelako eraso bortitza egitea hezkuntzako langileen profesionaltasunaren eta zorroztasunaren aurka”, amaitu du Geroa Baiko parlamentuko eledunak. 

Izena eman gure buletina jasotzeko