Geroa Baik ziurtatu du Auzitegiak 'La Manada'ri buruz hartutako erabakiak "justiziaren eta gizartearen arteko dibortzioan sakontzen duela"
Geroa Baik ezin du oniritzi Nafarroako Auzitegiak ‘La Manada’-ko bost kideak behin behineko espetxeratzeko eskaera ukatu izana, “existitzen den ihes egiteko arriskuagatik, bai eta gizarteari igortzen zaion inpunitate mezu arriskutsuagatik”. “Horrelako erabakiek justiziaren eta gehiengo sozialaren artean dagoen dibortzioan sakontzen dute”, azpimarratu du.
Koalizioak ziurtatu duenez Fiskaltzak, salaketa partikularrak eta herri salaketek – Iruñeko Udala eta Nafarroako Gobernua – egindako eskakizuna gehiengo sozialak eskatzen duenaren ildo berean doa, “eta ez dugu ulertzen Iruñean 2016ko uztailaren 7an burututako eraso sexual jarraituaren delitua dela eta 9 urteko espetxe zigorra jaso duten bost kondenatuak aske mantentzea”.
Koalizioaren aburuz, ‘La Manada’ kasuak “mezu arriskutsu bat igortzen du, dirudienez garrantzia kentzen zaio sexu eraso bati, prozesu guztian zehar biktimaren hitza zalantzan jarri baita, erasotutako emakumeen hitzak bere erasotzaileenarena bezain sinesgarria ez dela frogatuz, eta bortxaketetatik eta erasoetatik babesteko erantzukizun bakarra emakumeena denaren ideia igorriz”.
Azkenik, Geroa Baik gogorarazi du Nafarroako Parlamentuak mozio bat onartu zuela koalizioaren ekimenez, Gobernu zentrala premiatuz Kode Penala alda zezan, “modu argi eta garbian ageri dadin baimenik gabeko sexu harremanak sexu erasoak direla, hau da, bortxaketak”, eta debate hau Kongresura lehenbailehen eramatea eskatu du.