Geroa Baik ziurtatu du ETA-ren desegitearekin gure historiaren atalik beltzena gainditu dela

Geroa Baik ziurtatu du ETAren aldebakarreko eta behin betiko desegiteak gizarteak urte luzez eskatutako eskaerari erantzuten diola eta gure historiaren atalik beltz eta tristeena gainditzen da horrekin.
Koalizioak azpimarratu duenez, bere sorreran zituen xede eta helburu bakar bat ere lortu gabe desagertu da ETA, bidean mina eta sufrimendua bakarrik utziz, horien bidegabekeria eta zilegitasun eza oraindik aitortu ez dituelarik gainera.
Geroa Bairen aburuz, gaur itxaropen aldi berri bat irekitzen da, indarkeriarik gabeko etorkizuna, baina normalizazioaren eta bizikidetzaren bidean aurre egin beharreko erronka handiekin.
ETAren ekintzen biktima guztien aitorpen, oroimen eta ordainean lanean jarraitzeko bere konpromisoa agertu du koalizioak, biktima horiek indarkeria bidegabea pairatu zutelako eta horrek ez du eta ez du inoiz justifikaziorik izan.
Azkenik, Geroa Baik iragarri du Unai Hualde eta Esther Cremaes joango direla bihar Kanboko ekitaldira, ETAren behin betiko, aldebakarreko eta baldintzarik gabeko desegitearen lekuko izateko eta, horrekin, inoiz existitu behar ez lukeen erakunde baten heriotza ziurtagiria sinatzeko.