Geroa Baik ziurtatu du Garicanoren adierazpenek UPN-k Nafarroaren autogobernuari egindako traizioa frogatzen dutela
Geroa Baik Garicano Ciudadanoseko alor ekonomikoaren arduradunak Nafarroako Foruari buruz egindako adierazpen ezin larriagoak salatu ditu, ziurtatuz “ez direla ezta 24 ordu igaro UPN-Ciudadanos ituna Esparza eta Riverak izenpetu ondoren eta, guk genioen moduan, gure autogobernuaren balizko defentsarako egindako sinadura ezerezean geratu da, UPNk Nafarroaren autogobernuari egiten dion traizioa frogatuz”.
“24 ordu baino gutxiago itxaron du Ciudadanosek foruaren aurkako bere benetako aurpegia agertzeko, orain dela egun batzuk salatu genuena agerian utziz, formakuntza laranjarekin egiten den edozein itun beti geratuko baita ezerezean foru erregimenari dagokionez”, azpimarratu du Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko eledunak.
Martínezen hitzetan, “UPN Nafarroako autogobernuaren Troiakko zaldia da, foruaren aurka daudenei eta birzentralizatzaileei Foru Parlamentura atzeko atetik sartzea ahalbidetuz, haien lotsak, foruaren aurka daudela eta Nafarroaren eskubide historikoak murrizteko haien grina ezkutatzen saiatzen den hauteskunde plataforma baten baitan kamuflaturik”.
“Hilabeteak daramatzagu salatzen UPNk bere hauteskunde premiak eta interesak lehenesten dituela Nafarroaren interesen gainetik. Bere noraeza hautestontziei dien beldurretik, bere nortasun galeratik eta Gobernura itzultzeko bere obsesiotik beste inondik ezin da ulertu; nafar herritarrentzako oso garestia izan daitekeen obsesio bat, ziurtatzen eta frogatzen bada ez dela gai bere sozioen aurrean ere Nafarroaren autogobernua eta Foru Erregimena defendatzeko, Uxue Barkos buru duen Gobernuak egin ez bezala, honek izaera sozial nabaria duten politikak bultzatzeko eta herritarren eskubideen defentsarako defendatu baitu autogobernua”, nabarmendu du Geroa Baiko parlamentuko bozeramaileak.
Koldo Martínez