Geroa Baiko parlamentariek Otsagabiako ‘Valle de Salazar’ udal zahar-etxea bisitatu dute
Egoitzan egindako hobekuntzak lehen eskutik ezagutu dituzte, hein batean Geroa Baik azken jardunaldietako aurrekontuetan egindako zuzenketen bitartez burutuak
Pablo Azcona Geroa Bairen parlamentu taldeko bozeramaileak eta Isabel Aranburu, Eskubide Sozialen batzordean koalizioko eledunak, Otsagabiako ‘Valle de Salazar’ adinekoen egoitza bisitatu dute, koalizioak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sartutako zuzenketen bitartez bertan burutu diren hobekuntzak ezagutzeko. Lan horiei esker irisgarritasuna hobetu da, bai eta gune ezberdinen antolamendua eta, hortaz, zentro honetan ematen den arretaren kalitatea ere.
Bisitan zehar Aranburuk nabarmendu duenez, “aurrekontuei zuzenketak planteatzen ditugunean, pertsona askoren bizitza hobetzen laguntzea da gure helburua eta, Otsagabiko egoitzaren kasuan, oso argia da hori”. Izan ere, parlamentariak azpimarratu duenez, “ez dira oso egoitza handiak, udalaren ardurapean daude, ez dute hortaz onura asmorik, eta inbertsio garrantzitsuak behar dituzte egoiliarren arreta eta ongizatea hobetzeko proiektuak burutu ahal izateko”.
Horrela, gogorarazi duenez, 2023ko Nafarroako aurrekontuetan, Geroa Baik 40.000 euroko zuzenketa bat sartu zuen bizikidetza unitate bat martxan jartzeko. Urtebete ondoren, 2024an, Geroa Bairen zuzenketa 100.000 eurokoa izan zen eta egoitzan bigarren igogailu bat jartzeko erabili zen, horrela egoiliarrek egoitza barruak egin beharreko tokialdaketak erraztuz, izan ere, ordura arte igogailu bakarra zegoen, eta matxura egotekotan lekualdaketa horiek zailak izan zitezkeen.
Zuzenketa horri esker egoitzaren moldaketa lanetan aurrera egitea ahalbidetu zen ere, logelak erdibanatuz. Gainera, erabiltzaileen arreta erraztuko duen telekomunikazio sistema bat instalatu da ere.
Azkenik, jardunaldi honetako aurrekontuei egindako zuzenketa bati esker, 200.000 eurokoa hain zuzen ere, egoitzako galdara gelaren zaharberritzea egin da, biomasa galdara berri bat instalatuz, azken honek Otsagabiako eskualde-ikastetxeari ere zerbitzua emanez.
Egoitza honek Zaraitzu eta Erronkari ibarretarako duen garrantzia nabarmendu du Geroa Baik, eta zentro honek adineko pertsonei arreta integrala haien ingurunean bertan emateko duen helburua babesteak duen garrantzia aitortu du koalizioak.
Bisitan, Geroa Baiko parlamentariekin batera Elvira Ruiz egoitzako zuzendaria egon da, bai eta Otsagabiko alkate Carlos Gayarre; Mikel Aoiz eta Jose Mari Compains udaleko zinegotziak; Anabel Recalde Ezkarozeko zinegotzia; eta Misael Ramos, Lares-eko kidea.
Isabel Aranburu