Geroa Bairen adierazpena Nafarroa suntsitu duten suteen ostean
Asteburu honetan Nafarroa suntsitu duten suteak direla eta, Uxue Barkos Geroa Baiko bozeramailearen adierazpen osoa. Nafarroako Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpena.
"Hasi baino lehen, elkartasuna adierazi nahi diet asteburu honetan Nafarroa suntsitu duten suteen ikara bizi izan duten udalerriei, nire elkartasun pertsonala eta Geroa Bairen parlamentu talde osoarena ere.
Gure elkartasuna eta hurbiltasuna, haien etxebizitzak uzteko beldurra bizi izan duten milaka pertsonekin; haizeak suaren aurrerabidearen kalkuluak aldatu dituenen, haien familien segurtasunaren gaineko ziurgabetasuna bizi izan duten pertsonekin; eta haien etxeetara itzuli ahal izan dutenean lasaitasuna bizi izan dutenekin (baina itzuli ezin izan dutenak ere egon direla ahaztu gabe).
Puntu honetan, gure lehen erreakzioa izan behar duena adierazteko geldiune bat egin nahi dut: gure poza agertu, egunotan bizitakoaren larritasuna handia izan arren, ez baita biktima pertsonal bakar bat ere egon, eta hau da gure lehentasuna.
Hortaz, eta bigarrenik, eskerrak eman nahi dizkiegu Suhiltzaileei, Basozainei, Foruzaingoari eta gainontzeko poliziei eta UMEri, sua itzaltzeko lanetan aritu diren eragile guztiekin batera; eskerrak ere segurtasun neurriak hartzeko elkarlanean aritu diren alkateei eta udalei. Eta gure esker ona adierazi nahi diet ere bereziki agintarien deiari erantzun dioten boluntarioei, funtsezkoak izan baitira eginkizun honetan.
Boluntario horien artean, sua itzaltzeko lanetan haien lana eta makineria eskaini duten nekazari horien guztien lana azpimarratu nahi dut.
Baina arriskua ez da oraindik desagertu, horregatik suak eta egon daitezkeen berraktibatze fokuak itzaltzeko lanean jarraitu beharra dago, Gobernuaren eta udalen zuzendaritzapean, eta Geroa Baiko parlamentu taldeak gure lankidetza osoa eskaintzen diegu.
Arratsalde honetan bertan Remírez lehendakariordearekin bilera egingo dugu, bertan parlamentuko eledunei azken orduetan gertatutakoaren berri emango digularik. Begi onez hartu dugu lehendakariordeak proposatu duen bilera hau, eta Geroa Baitik desastre honek herrietan eta familietan utzi dituen ondorioei buruz galdetuko diogu. Egondako kalteen estimazioa ezagutu nahi dugu, etxeetan eta jabetza pribatuetan, nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenetan, suak kaltetutako guneetan dauden enpresetan, eta suaren eragina izan duten instalazio eta ondasun natural guztietan.
Zentzu honetan garrantzitsua da bizkortasunez jokatzea: begirada bikoitzaren jokatu beharra dago, foku berrien prebentzioan arreta jarriz, egondako kalteak konpontzeko lanak hasten diren bitartean. Eta ekintza koordinatuan ekin behar diogu parlamentu taldeetatik ere, uneotan protagonismo politikoak, interes orokorraren alde lan egitea beste dimentsiorik ez baitu izan behar; erakunde guztietatik lan egin behar dugu gure komunitateko udalerri hauetako bizilagunek lehen pertsonan bizi izan dituzten arazoei konponbidea emateko.
Uxue Barkos