Geroa Bairen ebazpen bat onetsi da, Nafarroako Gobernua premiatzen duena mugaz gaindiko lankidetza bultzatu dezan eta Nafarroa-Akitania Berria-Euskadi Euroeskualdean duen parte-hartzea indartu dezan
Loturak indartzearen, itzulera erraztearen, lan-sareak sortzearen, talentu-ihesa ekiditearen eta Foru Komunitatea kanpoan sustatzearen garrantzia azpimarratzen da
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen alde botoekin, PPNren abstentzioarekin eta Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “mugaz gaindiko lankidetza susta dezan, garapen sozial eta ekonomikoaren eragile den aldetik, auzotasun-harremanetan, harreman historikoetan, kulturaletan, ekonomikoetan, sozialetan eta linguistikoetan oinarrituta”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “Euskadi-Akitania Berria-Nafarroa Euroeskualdean duen partaidetza indartu dezan”.
Horrez gain, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “gure mugetatik kanpo dauden beste eskualde batzuekin harremanetan jartzeko bide berriak azter ditzan, 7/2021 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera”. UPN abstenitu egin da eta PPNk, Talde Mistoak eta atxiki gabeko parlamentariak aurkako botoa eman dute.
UPNk ordezteko in voce zuzenketa bat aurkeztu du, Geroa Bai ekimenaren titularrak onartu ez duena, Foru Gobernuari eskatuz “beste eskualde batzuekiko harremanetarako bide berriak azter ditzan, gure mugez gaindi, 7/2021 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera eta Nafarroako Sinboloei buruzko otsailaren 27ko 4/2020 Foru Legea betez".
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak Nafarroako Gobernuak Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez egindako jarduerak errepasatzen ditu. Nafarroako Gobernuaren kanpo-jarduera “koordinatzeko, harmonizatzeko eta profesionalizatzeko” asmoz sortua, ordura arte beste departamentu batzuetan banatutako unitateak batu ziren, eta Bruselako Ordezkaritza hari atxiki zitzaion. Hori guztia Foru Komunitatetik kanpo bizi diren pertsonekiko lotura indartzeko, itzul daitezen errazteko, lan sareak sortzeko, talentu ihesa ekiditeko eta Nafarroa mundu zabalean sustatzeko.
Mikel Asiain