Geroa Bairen ekimenez, Senatariek CNIko zuzendaria premiatu dute Mikel Zabalzaren heriotzarekin harremana duten dokumentu guztiak entrega ditzan
“Organismo publikoek, salbuespenik gabe, justiziarekin kolaboratzeko duten legezko betebeharra” gogorarazi diote, bai eta zerbitzu sekretuen existentziak “ezin duela inpunitate gunerik sortu” dioen Auzitegi Gorenaren ebazpena ere
Izquierda Confederal, EAJ, ERC, Junts eta EH-Bilduko hogei senatarik, Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoa buru, burofax bat igorri diote CNIko zuzendari den Estatu Idazkari Paz Estebani, hura premiatuz zerbitzu sekretuak “CNIren ezagutzapean edo boterepean dagoen eta Mikel Zabalzaren heriotzarekin harremana duen dokumentazio guztia, edozein formatuan (audioa, idatzitako txostenak...)” Goi Ganberako Defentsa Batzordean entrega dezan.
Idazkiak gogorarazten duenez, Eusko Jaurlaritzak Mikel Zabalza poliziaren indarkeriaren biktima moduan aitortu berri du, atxilotuak eskuburdinak jarrita zituela ihes egin eta Bidasoa ibaira jauzi egin zuela “sinestezina” dela iritzi duten adituen txosten sakon baten ondoren. Batzordearen arabera, “Mikel Zabalza atxilotu eta tortura, penak eta tratu anker, gizagabe edo umiliagrriak jasan zituenaren susmo tinkoak daude, tratu horiek izanik heriotzara eraman ahal izan zutenak”.
Izquierda Confedereal, EAJ, ERC, Junts eta EH Bilduko hogei senatarik igorritako idazkiak gogorarazten duenez, “domeinu publikokoa da CESIDek, Defentsaren Informaziorako Zentro Gorenak, garai hartan CESIDeko operazio buru zen Juan Antonio Perote teniente koronelaren bitartez, Mikel Zabalzaren heriotzarekin harremana duen dokumentazioa baduela, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteleko goi agintarien eskutik jasoa, kuartel hartan gertatzen zenaren berri ematen baitzioten CESIDi”.
“Dokumentu horietako bat -gaineratzen du burofax bidez CNIko zuzendariari bidalitako eskutitzak- Juan Antonio Perote CESIDeko arduradunaren eta Intxaurrondon destinaturiko Pedro Gómez Nieto Guardia Zibileko tenientearen arteko elkarrizketa baten grabazioak dira, elkarrizketa horretan Gómez Nietok informatuz Mikel Zabalza Donostiako kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela, grabazio horren edukia argitaratua izan delarik, lehenik elkarrizketa horren transkripzioa, eta berriki audio ikaragarria bera”.
Idazkiak gogorarazten duenez, egungo CNI CESIDek burutako lanaren oinordeko legala da, bai eta bere artxiboena ere, Inteligentzia Zentro Nazionala arautzen duen maiatzaren 6ko 11/2002 Legearen bigarren Xedapen gehigarriaren bigarren puntuan jasotzen den moduan.
Senatariek ere gogorarazi dute oraindik indarrean dirauen sekretu ofizialen legeak jasotzen duenez, “ ‘materia klasifikatuen’ aldarrikapenak ez du Diputatuen Kongresuarengan edo Senatuarengan eraginik izango, hauek beti edukiko dutelarik eskatzen duten informazio guztia jasotzeko aukera”.
“Gobernua eta organismo publikoak kontrolatzeko Konstituzioak herri subiranotasunaren ordezkariei ematen dien ardura kontuan izanik, behean izenpetzen dugun senatariek zera eskatzen dugu; Mikel Zabalza Garateren heriotzarekin harremanik duen eta CNIren boterepean edo ezagutzapean dagoen dokumentazio guztia, edozein formatuan (audioa, idatzitako txostenak,...) behean izenpetzen dugunoi eta/edo Senatuko Defentsa Batzordeko presidenteari helarazi dadila”, dio Goi Ganberako Posta bulegoaren bitartez igorri den burofaxak.
Idazkiak, amaitzeko, azpimarratzen duenez, “organismo publikoek, salbuespenik gabe, justiziarekin kolaboratzeko legezko betebeharra dute, eta honi helduta, Juan Alberto Perote CESIDeko kidea legez kontrako entzuketa batzuk zirela eta kondenatzen zuen Auzitegi Gorenaren sententzia gogorarazten dugu ere, Peroteren arabera zuzenbidezko Estatu batean ‘materia zehatz batzuen gaineko erreserba tartea onargarria’ zela, bai eta ‘sistema demokratikoaren biziraupena bera bermatzeko eskubide batzuen sakrifizioa’ ere. Baina egia da ere, gaineratzen zuen sententziak, zilegia den helburu baten existentziak ‘ezin duela inpunitate espaziorik sortu’ ”.
Koldo Martínez (Geroa Bai), CNIko zuzendariari zuzenduriko burofaxa erregistratzeko arduradun eta ekimen honen bultzatzaileak gaineratu duenez, “ezin da inpunitaterik egon. Mikelen familiak egia ezagutzeko eskubidea du eta beharrezkoa da, 36 urteren ondoren, Estatuko aparatuek, guztiek, ETArekin ezer ikustekorik ez zuen pertsona baten heriotza estaltzeko ehundu zuten faltsukerien oihala altxatzea”.
Geroa Baiko senatariaren iritziz, Aitor Esteban EAJko Kongresuko eledunak egindako interpelazioari Pedro Sánchez Gobernuko presidenteak emandako erantzuna, auzitegiak direla Mikel Zabalzaren kasuaren gaineko egia argitu behar dutenak eta, bere kasuan, bere oroimenaren aitortzarako eta erreparaziorako bidea egokitu behar dutenak, “Gobernu honen borondate faltaren froga da, presidenteak baitaki exekutiboaren zerbitzura dagoen CNIren eskutan dauden dokumentuak askatzeak, kasua berrirekitzea eta trantsizioko atalik ilunenari amaiera jartzea ahalbidetuko duela, horrek galaraziz espainiar demokrazia homologagarria izatea”
Koldo Martínez