Geroa Bairen iritziz, Iruñean gertaturiko sexu eraso baten aurrean jardunbide polizial eta judizialean akats larria egon zela agerian uzten du Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak, bai eta errepikatu ezin daitekeen indarkeria instituzionala ere
Pablo Azcona Nafarroako Parlamenuan Geroa Bairen bozeramaileak Ganberako Mahai eta Eledunen Batzarraren ondoren egindako adierazpenetan, koalizioak datorren osteguneko osoko bilkuran defendatuko duen mozioa aurkeztu du, planifikazio elektrikoari buruzkoa, Nafarroaren etorkizun industrialerako garrantzia biziko gaia alegia.
Azconak nabarmendu duenez, “Estatuko Gobernuaren zirriborroak ez ditu Nafarroak egindako hainbat eskaera jasotzen, eta horrek kanpoan utzi ditzake inbertsio proiektu garrantzitsuak”. Horrela, gogorarazi duenez, “Nafarroak sektore industrial sendoa du, BPGren %31rekin”, horregatik mozioak Sektore Elektrikoaren Legea aldatzea eskatzen du eta planifikazio elektrikoa egiterako orduan erkidego bakoitzean industriak duen zama eta industria intentsiboa kontuan har daitezela ere.
Bestalde, Geroa Baiko bozeramaileak azaldu duenez, koalizioak lege proposamen bat aurkeztu du EH Bildurekin batera eta hainbat sindikatuk hala eskatu ostean, horrekin Langileen Estatutua aldatzea proposatuz Nafarroak gutxieneko soldata propio bat ezarri ahal izateko. Azconak azpimarratu duenez, “bizitzaren eta etxebizitzaren kostua Estatuko bataz bestekoa baino askoz ere handiagoa da, eta egungo Lanbide arteko Gutxieneko Soldata motz geratzen da”. Azconak azaldu duenez, “helburua ez da zifra zehatz bat jartzea, baizik eta prekarietateari aurre egiteko eta soldata duinak bermatzeko lege tresna bat lortzea”.
Era berean, Tokiko Ogasunen Legea aldatzeko proposamena aipatu du ere Azconak, datorren ostegunean eztabaidatuko baita. Geroa Baiko bozeramaileak ziurtatu duenez, “etxebizitza lehentasun soziala da gaur Nafarroan eta erantzunak eskatzen ditu, eta ekimen honekin, ekintza ahalmen handiagoa ematen diegu udalei, tokiko fiskalitatea erabiltzea ahalbidetuz alokairu lorgarriak sustatzeko eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko”.
Azconaren arabera, “Babes Ofizialeko Etxebitizen salneurriekin alokatzen dutenentzako hobariei buruz ari gara, edo poltsa publikoaren bitartez alokatzen dutenentzako ere, beti ere udal autonomia errespetatuz”. “Etxebizitza eskubidearen zerbitzura jartzen dugu fiskalitatea eta horretan ekiteko tresna errealak ematen dizkiegu udalei”, ziurtatu du.
Adierazpen instituzionalei dagokienez, Azconak deitoratu du ezin izan dela Geroa Baik aurkeztutakoa onartu, Iruñean jazotako sexu eraso baten aurrean ekintza polizial eta judizialean akats larria egon dela agerian uzten duen Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiari buruzkoa, Vox alderdiak aurka bozkatu duelako. Azconak adierazi duenez, “errepikatu ezin daitekeen indarkeria instituzional bat egon dela agerian uzten du” epai honek. Jardunbide hauen aurrean Geroa Bairen gaitzespena agertu du eta bere elkartasuna helarazi die bi biktimei, emakumeen eskubideen defentsarekin eta ikerketa zorrotz eta inpartzialekin konpromisoa berretsiz.
Pablo Azcona