Itzuli

Geroa Bairen iritziz PHTren gainean Sustapen Ministerioaren proposamena programa akordioarekin zeharo bat dator

Koldo Martínez Koldo Martínez

Nafarroako Parlamentuan Geroa Bairen eledun Koldo Martínezek adierazi duenez, printzipioz bere taldea “pozik” dago Sustapen Ministerioak  prestazio handiko korredorearen gainean egindako proposamenarekin, “programa akordioan sinatu genuenarekin zeharo bat dator eta”. “Gobernu kideekin akordioetara iristen saiatuko gara”, ziurtatu du.

Komunikabideei egindako adierazpenetan, Martínezek azpimarratu du Sustapen Ministerioak egindako proposamenaren gaineko “lehen begirada positiboa” dela eta nabarmendu du “korridorearen garrantzia aitortzen dela” eta Ministerioak 2023 urtea finkatzen duela “korridorea amaiturik egon beharko lukeen unea”.

Esan duenez “egia da proposamen horretan argitu gabeko hainbat gai daudela, hala nola Iruñea – Altsasu eta euskal Y-ren arteko lotura”, baina gaineratu du “positiboki baloratzen dugu Ministerioak hiru aldeekin, Estatua, EAE eta Nafarroa, bilera bat deituko duela non lotura hori egiteko oinarriak jartzeko aukera egongo den”.

Martínezek gainera, proposatzen den finantzaketa berria “positiboa” dela iritzi du, “Nafarroak dirua aurreratuz eta urtebeteko epean aurreratutakoa berreskuratuz, eta ez bi urtetan, aurreko hitzarmen zaharkituak esaten zuen moduan”.

Geroa Baiko eledunak azpimarratu duenez “programa akordioko gure kideekin hitz egin beharko dugu” eta “jarrerak gerturatzeko aukerarik dagoen ikusi”. “Geroa Bai momentuz pozik dago  Estatuko Gobernutik proposatutakoarekin”, adierazi du, baina “gure kideekin oraindik hitz egin beharreko gaiak ditugu, hitz egingo ditugu eta ikusiko dugu denborak zer dioen”.

Konpon daitezkeen jarrerak ote diren galdeturik, Koldo Martínezek “baietz” espero duela esan du. “Orain arte izan ditugun arazo guztiak konpondu ditugu eta espero dut oraingoan ere konpontzeko gai izango garela”, esan du, ziurtatuz Ministerioaren proposamena “korapilatsua” dela afera tekniko asko dituelako, behin betikoak ez diren konponbideak… “Ministerioarekin negoziatu beharreko gauza asko dago oraindik”.

Martínezek adierazi duenez programa akordioak “oso argi dio ahalera nahikoa eta nazioarteko estandarrak dituen trenbide sare baten alde egiten dugula” eta “Ministerioak egiten digun proposamenak kontzeptu horiei erantzuna ematen die”. “Hortaz, guk printzipioz programa akordioarekin bat datorrela uste dugu eta gure kideekin hitz egingo dugu ezberdintasunak zeintzuk diren ikusteko eta horrela direla ziurtatzeko edo akordioetara irits gaitezkeela ikusteko”, azaldu du.

Geroa Baiko eledunak berretsi du “Ministerioaren proposamena programa akordioan sinatu genuenarekin zeharo bat datorrela eta horregatik babestuko dugu Aurrekontuek trenbidea sustatzeko behar duen guztia jaso dezaten eta 2023an trenbide osoa errealitatea izatea”. Gaineratu du edozein kasutan “datak beti kontu handiz hartu behar direla”

Izena eman gure buletina jasotzeko