Gobernu baten negoziazioa ezin dela eskaintza eta kontraeskaintzetan oinarritu erantzun dio Geroa Baik PSN-ri
Eskuineko gobernu bat ekiditeko 14ko gobernu hipotetiko bati baiezko baldintzagabea ematea ez dela nahikoa gogorarazi dio koalizioak EHBilduri
Gobernu baten negoziazioa ezin dela eskaintza eta kontraeskaintzetan oinarritu erantzun dio Geroa Baik Ramón Alzórriz PSNko antolakuntza idazkariari. Maiatzaren 29tik ezagutzen du PSNk 2019 eta 2023 bitartean María Chiviteri lehendakaritza eman zion koalizio Gobernua berriro egiteko Geroa Bairen proposamena. Nafarroan aldaketa hasi zenetik eta azken urteetan Geroa Baik jardun dituen alorren kudeaketa mantentzea ez beste bilatzen duen proposamena alegia, zenbait kasutan kudeaketa horrek nazioarteko errekonozimenduak ere jaso dituelarik etxebizitza politika publikoei dagokienez, edo Europa mailako harremanetan, ekonomia sozialaren alorrean Nafarroa Europa mailako erreferente moduan kokatuz, besteak beste.
Horren aurrean, aste honetan PSNk egindako proposamena, oro har, Geroa Bai umiliatzeko saiakera ulertezina da, gobernu aurrerakoi eta plural bat eratzeko ezinbesteko kide izaten jarraitzen dugun arren gaurkoz. Botere organiko eta ekonomikoa sozialisten eskutan metatzen saiatzeko saiakera okerra da honakoa, hautestontziek ez baitiote ordezkaritza hori eman.
Orain, epeak gehiegi luzatzen ari diren honetan, zentzurik gabeko eskaintza eta kontraeskaintzekin egungo gobernukideak eta iritzi publikoa mareatzen saiatzeak, gobernu aurrerakoi eta plural bat lortzeko akordioa lehenbailehen ixteko erabakitasun falta baino ez du erakusten.
Bestalde, eta Alzórriz jaunaren iradokizunen aurrean, Geroa Bairen jarrerak eskuineko gobernuei ateak ireki diezazkiela alegia, gogorarazi beharra dago Nafarroan eskuineko gobernuei ateak ireki dizkion bakarra PSN izan dela, Iruñean, Lizarran, Eguesibarren... hala egin baitzuen pasa den ekainaren 17an eta horregatik Geroa Baik are eta tinkotasun handiagoarekin mantenduko du Nafarroako Gobernuari buruzko bere jarrera.
Zentzu berean, Geroa Baik tinkotasun bera eskatzen dio EH Bildu Nafarroari gobernu aurrerakoi eta plurala bere programan bai eta bere egituran ere zinez izateko eskatzerako orduan. Koalizioak EH Bilduri gogorarazi dionez, eskuineko gobernu bat ekiditeko, 14ko gobernu hipotetiko bati (PSN-Contigo-Zurekin) baldintzarik gabeko baiezkoa ematea ez da nahikoa.
Geroa Baik Laura Aznal buru duen formakuntzari deia egin dio, aldeen erantzukizuna eskatzeaz gain, gobernu horretan parte hartzeko hautestontziek eman dieten erantzukizuna ere har dezaten, azken berriek erakusten duten moduan PSNk ez badu Geroa Bai gobernu horren baitan eduki nahi. María Chiviteri baiezko botoa ematea ez da nahikoa, politika publikoen kudeaketa modu pluralean elkarbanatzeko sozialisten aldetik ez badago benetako konpromisorik.
Azkenik, pasa den ekainaren 17an PSNk Iruñean, Lizarran, Eguesibarren... mesedetu zuen udal mapak zuzenketa bat merezi du, erakundeetako mekanikak halakorik ahalbidetzen duen unean eginez, zentsura mozioen bitartez, Geroa Bai horien alde egongo delarik.