Gobernu zentralak ‘Billy el Niño’-ri dominak ken diezazkion proposatu dio Geroa Baik Nafarroako Parlamentuari
Koalizioak aurkeztutako adierazpen instituzionalean, pasa den ostegunean Diputatuen Kongresuak onartutako Legez besteko Proposamena bere egitea proposatzen dio foru ganberari
Geroa Baiko parlamentu taldeak adierazpen instituzional bat aurkeztu du datorren astelehenean, ekainak 15, egingo den Mahai eta Eledunen Batzarrean eztabaidatu eta bozkatu dadin, bertan Nafarroako Parlamentua premiatuz, “Foru Komunitateko herritarrak ordezkatzen dituen erakundea den heinean, eta balore demokratiko eta giza eskubideen defentsan”, pasa den ekainaren 11an Diputatuen Kongresuan onartutako Legez besteko Proposamena bere egin dezan, Antonio González Pacheco, alias Billy el Niño inspektore ohiari emandako dominak baliogabetu daitezen eskatuz, bai eta “balore demokratikoekin eta Giza Eskubideen babeserako irizpideekin zeharo bateraezinak diren ekintzak eta jokabideak eduki dituzten diktadura frankistako funtzionario eta agintariei Estatuak emandako domina eta sariak” ere baliogabetzeko.
Diputatuen Kongresuan onartutakoarekin bat, bere onarpenerako lau puntu dituen adierazpen instituzional bat aurkeztu du Geroa Baiko parlamentu taldeak:
1. Balore demokratikoekin eta Giza Eskubideen babeserako irizpideekin zeharo bateraezinak diren ekintzak eta jokabideak eduki dituzten diktadura frankistako funtzionario eta agintariei Estatuak emandako domina eta sariak berariaz baliogabetzea, ekintza horiek dominak eman aurretik edo ondoren egindakoak izan arren. Baliogabetzea hil ostekoa izan daiteke ere, domina jasotako pertsona zendu balitz. Edozein kasutan, baliogabetzearekin sariari lotutako eskubide guztien galera gertatuko da, ekonomikoak barne, baliogabetzearen deklarazioa egiteko ebazpena jakinarazten den une beretik.
2. Zehazki, Antonio González Pacheco, alias Billy el Niño erregimen frankistako inspektore ohiari emandako dominak baliogabetuko dira, Buenos Aireseko (Argentina) 1. epaitegi Kriminal eta Korrekzional Federalean jarraitzen den 4591/10 kausa kriminalean inputaturik baitzegoen torturak eta gizadiaren aurkako delituak zirela eta.
3. Balore demokratikoekin eta Giza Eskubideen babeserako irizpideekin zeharo bateraezinak diren ekintzak eta jokabideak eduki dituzten diktadura frankistako funtzionario eta agintariei Estatuak emandako domina eta sariak Estatutaren oroimen demokratikoaren aurkakoak direla ebaztea, ekintza horiek dominak eman aurretik edo ondoren egindakoak izan arren, diktadura frankistaren jazarpen aparatuaren partaide izan baitziren.
4. 1936ko kolpe militarra, Gerra Zibila eta frankismoa goresten duten edo gorazarrea egiten dieten pertsona eta erakundeei emandako sari, izendapen, ohore titulu eta gainontzeko gorespen moduak berrikusi eta baliogabetzeko beharrezko arau-ekimenak ezarri, bai eta 1948 eta 1978 urte bitartean emandako eta Gerra Zibilaren eta diktaduraren gorazarrea ordezkatzen duten noblezia-tituluen katalogo bat landu, horiek baliogabetzeko.
Uxue Barkos