Itzuli

Gobernu zentralak Nafarroara Trafiko eskumenaren transferentzia atzeratzeko zein arazo dauden azaltzeari uko egin izana salatu du Koldo Martínezek

    Koldo Martínez Koldo Martínez

    Koldo Martínez (Geroa Bai) Nafarroako senatari autonomikoak Goi Ganberako osoko bilkuran Isabel Rodríguez Lurralde Politikarako ministro eta Gobernuko bozeramaileari galdera egin dio, Nafarroara Trafiko eskumenaren transferentzia atzerako arrazoiak zeintzuk diren ezagutzeko helburuarekin. 

    “Maila teknikoan lanean dihardugu”, izan da ministroaren erantzuna, “zuk dakizun moduan honakoa gai konplexua baita; zaila, Foru Komunitatearen beharrak doitu behar direlako, bai eta transferentzia on bat egiteko Estatuaren interesa ere, horrela zerbitzu on bat ematen jarraitu dadin”. 

    Ministroaren mintzaldiaren ondoren Koldo Martínezek adierazi duenez, “duela hamarkadatatik hona Euskadik eta Kataluniak jada jarduten duten transferentzia bat atzeratzen ari duten kontu tekniko horiek zeintzuk diren jakin gabe jarraitzen dugu, eta bi erkidego horiek jada jarduten badute ez dago bereziki burutsua izan beharrik Nafarroan gauza bera egiteko. Zerbait gehiago egon behar da 2018ko urrian Sánchez presidenteak Uxue Barkos lehendakariarekin hartutako konpromisoa ez betetzeko. Arazo teknikoak borondate politikoarekin konpontzen dira eta ez dugu ikusten politikak kasu honetan funtzionatzen ari duenik, izan ere Trafiko eskumenaren transferentzia 2025eko abenduan egingo dela esateak, duela egun batzuk Chivite lehendakariak egin zuen moduan, ez dirudi oso serioa denik”. 

    Ministroaren aurrean egindako hizketaldian, Geroa Baiko senatariak gogorarazi du trafiko polizia alorrean esklusibazko eskumena, “Francok 1960an lehen berrogei guardia zibilak bidali zituenean” amaitu zela, “betidanik Foruzaingoak kudeatu zuen zeregin baten ardura hartu zutenean”. 

    Era berean Koldo Martínezek gogorarazi du transferentzia berehalakoa izango zela zioten iragarpenak, bata bestearen ondotik bete gabe geratu direla.

    “Ministro andrea, zein arazo tekniko daude duela hamarkadak Euskadira eta Kataluniara transferentzia egina duten alor honetan? Ez da ba izango 2002an gertatu zena errepikatzen ari dela? Orduan Trafikoari buruzko Barne Ministerioaren txosten batek hala baitzioen: «Nafarroako Komunitateari dagokionez, transferentziak ez digu ilusio berezirik egiten» Ez da ba izango lapurtutako eskumenak itzultzeak “ilusio berezirik egiten ez dien” goi mailako funtzionarioak daudenik, nahiz eta hauek Foruaren Hobekuntzak jasoak egon eta hau duela berrogei urte onartutako lege organiko bat izan?”, galdetu dio Koldo Martínezek Gobernu zentraleko Lurralde Politikarako arduradunari.

    “Eta hala ez bada, zeintzuk dira arazoak? Desadostasun ekonomikoak? Ez al dago horretarako Hitzarmenaren negoziazioa? Foruzaingoak eskumena bereganatzeari beldurra? Nafarroan Guardia Zibilaren paperaren murrizketa eskuinak aurpegiratzeari beldurra? Espainian botoak galtzeari beldurra? Nafarroaren autogobernuari beldurra?”, galdegin du Nafarroako senatari autonomikoak.

    “Kontu tekniko horiek zeintzuk diren ez badakigu, ez baitizkiguzue argitzen -ez dakit hau harridura edo galdera zeinuekin esan-, pentsatu beharko dugu, hitzez haratago, PSOEn, edo PSNn, ez dagoela borondate politikorik, eta oraindik okerragoa izango litzatekeena, bietako bakar batean ere ez!?”, amaitu du adieraziz Koldo Martínezek.

    Izena eman gure buletina jasotzeko