"Gobernu Zentralak Nafarroaren lege egite gaitasuna berriro erasotzea" kritikatu du Geroa Baik
Geroa Baik ziurtatu duenez, kalamuaren erabiltzaile kolektiboak arautzen dituen lege nafarraren aurka Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena “Gobernu zentralak Nafarroaren lege egite gaitasunaren aurkako eraso berri bat da”.
“Kasu honetan, erasoa larriagoa da, 10.000 sinadura lortu zituen lege hori Herri Ekimen Legegile baten fruitu izan baitzen”, zehaztu du Koldo Martínez Geroa Baiko parlamentuko eledunak.
Koalizioaren eledunaren aburuz, “harrigarria da nafar herritarren gehiengoaren ordezkariek egindako legeen aurka PPren Gobernuak duen begirune eza, geroz eta handiagoa den grin berzentralizatzaile horretan”.
Zentzu horretan Martínezek azpimarratu du grin berzentralizatzaile hori “nafar gizartearen gehiengoaren nahi eta desioekin talka egiten duela, herritarrek eskumen eta autogobernu gehiago nahi baitute, navarrometroa deiturikoaren emaitzetan berriro ere argi geratu den moduan”. “Parlamentuak onartzen dituen legeetan Estatuak esku sartzeari utzi behar dio, gure Parlamentua baita nafar herri subiranotasunaren iturria”, nabarmendu du.
Geroa Baiko bozeramaileak gainera gogorarazi du azken egunetan Auzitegi Konstituzionalak berrordainketaren eragina leuntzeko helburuarekin egindako nafar legea bertan behera utzi zuela ere, eta deitoratu du “PPren aldetik politikaren judizializazioa ikusten jarraitzen dugula, zentralismoa bultzatzeko helburu bakarrarekin”.
Koldo Martínez