Gobernu zentralaren aldetik Europako funtsen kudeaketa eraginkorragoa eta hobea eskatu du Geroa Baik
Solanaren arabera beharrezkoa da Europako funtsen deszentralizazio handiagoa Kongresuan eskatzea eta horiek eskaeraren arabera banatzea
“Europako funtsen kudeaketa eraginkorragoa eta efizienteagoa eskatzeko orduan koalizioaren konpromisoa” defendatu du María Solana Diputatuen Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak. Horrela, Geroa Baik Diputatuen Kongresuan eserleku bat lortzearen garrantzia azpimarratu du, “funts horiek Nafarroaren beharrizanen arabera banatzea eta exekutatzea irmotasunez eta zorroztasunez aldarrikatzea ahalbidetuko baitu horrek”.
Next Generation Funtsen baitan dauden MMR funtsen (Susperraldi eta Erresilientzia Mekanismoa, bere gaztelaniazko sigletan) kudeaketari dagokienez María Solanak azaldu du Geroa Baik horien deszentralizazio handiagoa nahi zuela. “Funtsen zati handi bat deialdi zentralizatuen bitartez kudeatu dira, horietako asko PERTE eran, eta horiek exekutatzeko orduan ez dira nahi bezain beste enpresetara iristen ari, eta are gutxiago Enpresa Txiki eta Ertainetara”, deitoratu du hautagaiak. “Honen aurrean Nafarroak zuzenean kudeatu ahal izan dituen laguntzak, hala nola energiari dagozkienak eta Moves planarenak, eragin nabarmen handiagoa izan dute”, azaldu du. Solanaren arabera, “urrutirago joan gabe, Estatu mailan autokontsumo programen exekuzioaren buruan egon da Nafarroa, bai eta mugikortasun elektrikorako Moves III planean ere”.
Funtsen erabilerari dagokionez, María Solanak autokontsumoa aipatu du, “bertan eskabide maila oso altua baitago 2021etik”. Hautagaiak azaldu duenez “Nafarroako Gobernuak Next Generation funtsetatik 22 milioi euro exekutatu ditu autokontsumoan, nahiz eta beste 49 milioi exekutatzeko eskaera maila dagoen”. Horregatik guztiagatik, “Estatuak Europako funtsak eskaeraren arabera birbideratzea” eskatu du María Solanak, “horrela gizartearen benetako beharrei erantzungo baitzaie”.